2017(e)ko irailaren 18(a), astelehena

Lasaitasuna iritsi da

Lasaitasuna iritsi da gurera, azken urtebete hau nahiko aldapatsua eta amaigabea izan den irudipena daukat, amets gaizto batetik esnatu banintz bezala sentitzen naiz. Zergatik? Ba ez dakit, askotan amets gaiztoen arrazoiei buruz galdetzen hasten gara baina ez dugu arrazoirik aurkitzen. Zurrunbilo kaotiko baten sartzen gara eta irtenbidea bilatu ezinik, zorabiatu eta blai eginda esnatzen gara.

Niretzat bizitzako beste aro berri bat hasten delakoan nago. Inguruari begira aukera berriak ikusten eta atzematen hasi naiz, horrek suposatzen duen aldaketekin eta erronkekin. Gogotsu nago eta ilusioz beterik. Adinean aurrera goaz eta hausnarketa guneak bilatu eta arnasa hartzeko guneak ere bilatzen ditut noizbehinka eta geldialdi hau horixe izan da.

Erronka handirik ez diot jartzen nire buruari, nire ekimen eta lanarekin pozik bizi ahal izatea. Inguruan ditudan pertsonekin ere lasai eta orekan bizi eta ahal dudan neurrian guzti hori osotasun batean barneratu.

Egunerokotasunean gozatu eta  guzti hori aldamenekoei garraiatu ahal den hobekien. Gaur ere horretan saiatu naiz. Horren adierazletako bat idazten hasi naizen testu hau. Ba da denbora ezer idatzi gabe neukala eta gaur berriz idazten dudan bitartean poztasuna sentitzen dut. Amets gaizto horretatik irtenda orain berriz nabil nire barneko pentsamenduak kaleratzen eta espresio bide gisa hartzen dut.

Gure burua askotan gure kartzela bihurtzen da eta ezin irtenda ibiltzen gara atea irekita ikusi arren, guzti horrek estutasun eta arnas estua senti araziz. Etxean egon edota kalean ibili estu eta loturik bezala sentituz. Arnasa sakon hartzeko orduan ere ezin, eta horrek egonezina eta urduritasuna dakar berarekin.

Baina eguzkia laino artetik irteten den bezala, eguna ere badator gau luze baten ondoren, eta lehen argi izpiek aurpegiko atalak gozotasunez laztantzen ditu, lasaitasuna gorputzean garraiatuz.


Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...