2021(e)ko azaroaren 18(a), osteguna

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabilen komentatzera. IMME izeneko elkartearen bidez, beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen seme alabekin nabil lanean. IMME, emakume musulmanek eraturiko elkarteak, beraien seme alabentzat errefortzu eskola martxan jarri du Arrasateko egoitzan eta bertan nabil urritik hona irakasle lanetan.

Esperientzia berria da niretzat eta beraz erronka berri bat. Kultura ezberdin askotako hamabi eta hamabost urte bitarteko gaztetxoekin hartu emanetan jartzeko aukera eskaintzen dit, eta zentsu horretan aberatsa den esperientzia bizitzeko aukera daukat. 

Gaztetxo hauek esperantzaz beteriko etorkizuna irudikatzen dute momentu oro, baikortasuna eta bizi poza adierazten duten gazteak dira, aurrera begiratzen duten gaztetxoak. Gure artean aurrera egiteko zailen izango duten giza taldea da, marokoar eta pakistandarren seme alabak dira gehienak. Bi herrialde hauetako herritarren seme alabak, hemen jaiotakoak eta euskara ezagutzen dutenak. Beraien sozializazio prozesuan hizkuntza ezberdinak ezagutu dituztenak. Etxean ama hizkuntza darabilte; arabiarra, berberera, urdua edo besteren bat. Kalean gaztelania nagusiki eta eskolan euskara. Horrez gain, marokoar jatorria dutenen artean frantsesa dakitenak ere badira.

 Astelehen eta asteazkenetan izaten dira eskolak, eta hauek partaideen beharretara egokitzen ditut. Lehendabizi bakoitzaren historia ezagutzen dugu, nondik datozen, familian zenbat diren, non bizi diren, nola bizi diren eta abar luze bat. Pertsona bakoitzaren ingurunea zein den ezagutzea funtsezkoa da, bizi duten errealitatea ezagutu eta zein zailtasun dituzten aztertzeko. Guzti hauek konfiantzazko erlazio bat hasteko pausuak dira, gertutasuna eta esku zabaltasuna adieraziz. Hala ere batzuetan ez da erraza. Alde batetik gurasoekin komunikatzeko hizkuntz arazoak ditugu, beraietako askok gaztelaniaz edo euskaraz mintzatzeko zailtasunak dituzte.

Bidea ez da erraza izango baina azken helburua gaztetxo eta familia hauei eskolako lanekin laguntza eskaintzea da.


Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...