2019(e)ko abenduaren 3(a), asteartea

Bakardadearekin solasean

  Gurera ere bisitari berria etorri da, inork gonbidatu ez duen bidelaguna. Isil isilik gerturatu da eta etxean sartu zenetik alde egiten ez duen bisitaria da. Espero ez dugun laguna da bakardadea, gure inguruan izan nahi ez duguna, baina gurean inolako baimenik gabe sartu dena.

  Goizean esnatzearekin bat topo egiten dugun laguna da. Ispilura begiratu eta ez dugu besterik ikusten, gure begiradak ez dute besterik atzematen. Gosaltzerako orduan beste katilu bat jartzen dugu gure bakardade den lagun hori ere gonbidatuz. Bakarrizketa elkarrizketa bihurtzen da eta betiko gaiak eta pentsamenduak datoz mahai gainera. 

  Eguna aurrera doan neurrian beste solaskide batzuk ere sartzen dira gure elkarrizketan, telebista edo irratiko solaskideak edota eguraldiko esataria. Baina bakardadea da gure etxean protagonista. Berak darama aurrera solasaldiaren gidoia.

  Ilunkara urreratu ahala, gurean bakardadearekin batera iluntasuna hurbiltzen da solasaldira. Koloreak ere badu bere protagonismoa etxean, kaleak argiztatzen doazen bitartean. Gaua gailentzen denean isiltasuna dator berriz, eta gure barruko solasaldiak amaitu eta oheratzen gara beste egun berri baten zain.



Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...