2020(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Non dago automobilik gabeko ingurunean bizi nahi dugunon eskubidea?

 Astean TAO sistemaren inguruan proposamenak egiteko txanda izan da Arrasateko pleno aretoan, eta bertan era guztietako iruzkin eta proposamenak izan dira. Nik bertan izateko aukerarik ez dut izan, baina Mondraberri atari digitalean galdera edo proposamenetako batzuk ikusi ahal izan ditut. Ez dut galdera eta proposamenen artean automobil gabeko Arrasate baten aldeko inoren iruzkinik entzun edo ikusi, eta ni hori aldarrikatzera nator.

 Herritar guztiok dugu kerik gabeko ingurunean bizitzeko eskubidea, eta espazio publikoan libreki ibiltzeko, jolasteko eta erlazionatzeko eskubidea. Arrasaten dagoen automobil dentsitatearen ondorioz ez dago libreki ibiltzeko gunerik, hala saldu nahi baldin badigute ere. Badira biztanleak, egunero automobilen kearen ondorioz beraien etxebizitzatako leihoak ireki ezin dituztenak, badira ere etxetik irten eta automobil bat atari aurrean aurkitzen dutenak, badira ere egunero kaleak zeharkatzerako orduan beldurrez dabiltzanak. Non dago espazio publikoan lasai ibiltzeko guztion eskubidea?

 Automobila gurean jaun eta jabe da eta gure espazio publiko guztiak kolonizatu ditu. Umetan kaleetan jolasten genuen, espazio libreak genituen gure jolasetarako, automobilen beldurrik gabe. Ordua da espazio horiek berreskuratzeko eta gure osasunaren alde egiteko. Kerik gabeko Arrasate baten aldarrikapena ikusi nahi nuke gure ordezkari politikoen aldetik, baina ez dut horrelakorik inon ikusi.


 Herritarren artean kontzientziazio lan handia egiteko daukagu automobila alde batera utzi eta mugitzeko beste garraio alternatiboak geureganatzeko, eta orain azkenengo 50 urte hauetan egin den alderantzizko bidea egin beharko dugu, denbora laburragoan, gure bizitza kalitatea benetan hobetu nahi badugu eta ingurunea berreskuratu.

2020(e)ko urtarrilaren 16(a), osteguna

Datuen merkatuan zer egin dezakegu?

 Gure gizartean datuak dira XXI. mendeko lehengaia eta lehengai hori ustiatzeko orduan korporazio handiek jokatzen duten rola garrantzizkoa da. Datu horiek erosi egin daitezke eta zerbitzu gisa eskainiak dira data brokersen bidez. Telefonica edo Vodafone bezalako konpainiak adibidez gure mugikorrei ezker informazio baliagarria lortzen dute eta merkatuan eskaini merkantzia gisa. Datu biltegi handiak korporazioen babesean daude. Mateo Valerok dionen bezala, korporazio edota enpresa horien esklabo bihurtzen gaituzte inolako gudarik irabazi gabe. Gure datuak enkantean ateratzen dituzte, eskaintzaile onenari saltzen dira klik bat egiten dugunerako. 

 Momentua iritsi da guk ere rol aktibo bat jokatzeko dataismoaren munduan. Gu gara sekuentzia numeriko baten sorburua eta beraz, guk ere merkatuan gure rola jokatu dezakegu. Gure txikitasun horretatik abiatuta, datuen munduan galtzeko arriskua ere badago. Horregatik kontzientzia hartu behar dugu elkarlanean eta beste batzuekin batera jarduteko. Japonian badira gaiaren inguruan kontzientzia hartuta datu bilketa egiten ari diren erakundeak, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz.

 Etorkizunean merkatuan datuak besterik ez dira mugituko, eta merkatu horretan enpresa kooperatiboak zer esan handia izan dezakete, datuen bilketa kolektiboa eta guztiontzat onuragarria izateko. Kooperatiba izango da Joseph Stiglitzen iritziz etorkizuneko enpresa eredua eta beraz modelo horretan oinarriturik, gure inguruan lanean hasi beharra daukagu. Gai honi buruz Julen Iturbe Ormaetxeak ere idazten du, eta bere iritziz hau izan daiteke kooperatibismoaren gaur egungo erronketako bat. Nik ere hala pentsatzen dut.



2020(e)ko urtarrilaren 15(a), asteazkena

Norantz ote doa lan mundua?

 Ez dago argi lan mundua nolakoa izango den etorkizunean. Plataforma digitalak bitartekaritza lanetan dabiltza, beraien zerbitzuak eskainiz gutako bakoitzak nahi duen eran lan egin dezan. Egia da, lan puntual batzuetarako lagungarriak izan daitezke, klase partikularrak eman ahal izateko bezeroak lortzeko edota afari baterako sukaldari edota zerbitzariak lortzeko eta abar.

 Gaur egun honi Gig ekonomia deitzen zaio. Momentu eta behar puntualetarako lan bat egiteko pertsona eta zerbitzu eskaintza. Lan hori gauzatzeko, guk jarriko ditugu behar diren baliabide guztiak eta beste aldetik plataforma digitalen bitartekaritza izango dugu. Gaztetan diru pixka bat irabazteko horrelako lanak egin izan ditugu, mandatari lanak, klase partikularrak ematen edota ume zain asteburu edo egun soltetan eta abar. Garai haietan ahoz ahozkoa zen komunikazioa eta ez zegoen plataforma digitalik.


Gig ekonomiaren defendatzaileen arrazoiketan dago besteak beste; guk nahi dugunean lan egin ahal izango dugu, lan erritmoak guk ezarriko ditugu eta horrek gure denboraren gestio egokiago bat egitea ahalbidetuko digu. Atzean dagoen mezua zera da: lan egin zeuk nahi duzunean, nahi beste eta zeuk erabakitzen duzunean. Polita dirudi lemak, baina benetan horrela al da?

 Nik esango nuke lan mota hauek orokorrean langileen lan baldintzen kaskartzea dakartela. Lehen lan batekin lortzen zen soldata orain bi edo hirukin lortu behar dugu, eta gainera gehiago lan eginda. Malgutasuna, askatasuna eta horrelako hitz potoloekin badirudi dena lortuta dagoela eta ezta gutxiagorik ere. Ordua da lan mota hauek legedira egokitzeko eta ganorazko lan baldintzak langile guztiengana heltzeko. Bestetik plataforma digitalen irabaziengan eragiteko legedi aldaketa egiteko garaia ere heldu da.

 Aipaturiko neurriak korporazio eta enpresa handi horien interesen aurkakoak dira, beraz ez da samurra izango politikari guztiak ados jartzea, korporazio horien interesak defendatzen dituzten politikariak ere ugariak direlako parlamentu eta gobernuetan.



Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...