2020(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Non dago automobilik gabeko ingurunean bizi nahi dugunon eskubidea?

 Astean TAO sistemaren inguruan proposamenak egiteko txanda izan da Arrasateko pleno aretoan, eta bertan era guztietako iruzkin eta proposamenak izan dira. Nik bertan izateko aukerarik ez dut izan, baina Mondraberri atari digitalean galdera edo proposamenetako batzuk ikusi ahal izan ditut. Ez dut galdera eta proposamenen artean automobil gabeko Arrasate baten aldeko inoren iruzkinik entzun edo ikusi, eta ni hori aldarrikatzera nator.

 Herritar guztiok dugu kerik gabeko ingurunean bizitzeko eskubidea, eta espazio publikoan libreki ibiltzeko, jolasteko eta erlazionatzeko eskubidea. Arrasaten dagoen automobil dentsitatearen ondorioz ez dago libreki ibiltzeko gunerik, hala saldu nahi baldin badigute ere. Badira biztanleak, egunero automobilen kearen ondorioz beraien etxebizitzatako leihoak ireki ezin dituztenak, badira ere etxetik irten eta automobil bat atari aurrean aurkitzen dutenak, badira ere egunero kaleak zeharkatzerako orduan beldurrez dabiltzanak. Non dago espazio publikoan lasai ibiltzeko guztion eskubidea?

 Automobila gurean jaun eta jabe da eta gure espazio publiko guztiak kolonizatu ditu. Umetan kaleetan jolasten genuen, espazio libreak genituen gure jolasetarako, automobilen beldurrik gabe. Ordua da espazio horiek berreskuratzeko eta gure osasunaren alde egiteko. Kerik gabeko Arrasate baten aldarrikapena ikusi nahi nuke gure ordezkari politikoen aldetik, baina ez dut horrelakorik inon ikusi.


 Herritarren artean kontzientziazio lan handia egiteko daukagu automobila alde batera utzi eta mugitzeko beste garraio alternatiboak geureganatzeko, eta orain azkenengo 50 urte hauetan egin den alderantzizko bidea egin beharko dugu, denbora laburragoan, gure bizitza kalitatea benetan hobetu nahi badugu eta ingurunea berreskuratu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...