2019(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

Lan merkatuaren kontraesanak

 Zeintzuk dira gure lan merkatuaren erronka demografikoak gurean?
 -2030ean biztanleriaren %30ak 65 urte baino gehiago izango ditu.
 -Langile kualifikatu falta sumatzen hasi dira batez ere enpresa teknologiko eta industrialetan.
 -Langileen %40a ordezkatzeko fasean izango dira hurrengo hamarkadan.
 Nola mantendu ahal izango da okupazio gaur egungo mailan? Nola erantzun ahal izango zaio lan merkatuko beharrei?

 Bitartean zer gertatzen ari da lan merkatuan? Alde batetik langile beharra areagotzen doa eta bestetik lan baldintzak txartu egin dira. Lotsagarria da erakunde batzuk beraien langileekiko duten jarrera ustiatzailea. Baliabide bat gehiago balira erabiltzen dituzte, ez ordutegi finkorik ezta soldata duin bat eskaintzeko gai ez dira. Salagarria da berrogeita hamar urterekin pertsona bat langabezian gelditzen denean lan merkatutik kanpo gelditzea. Diskriminazio mota hau isilean ematen ari den errealitate bat da, eta hau jasaten ari diren pertsonak ez dute ez laguntzarik eta ez bistaratzerik. Berrogeita hamar urte edota gehiago dituen pertsona bat zergatik ez da baliagarri lanerako? Nork erabaki du hori?

  Gure lan kultura aldatu egin da eta lanak gizartean zuen balorea galtzen doa, legitimazio eta sozializazio tresna gisa. Enpleguaren kalitate maila ahultzen eta ziurgabetasuna handitzen joan den neurrian, lanarekiko atxikimendu eta leialtasun maila ere ahultzen joan da. Nire inguruan, berrogeitaka  urteren inguruan dabiltzan pertsonez inguraturik nago, lanarekiko ikuspegia ez da baikorra. Erretiro ordua noiz iritsiko zain kalkuluak ateratzen hasiak dira gehienak. Inork ez du lanean jarraitzeko asmorik hirurogei urte betetakoan, ahal badu edo zenbakiak horretarako aukera ematen badiote lanari utzi eta bizitzaz disfrutatzea dute helburu.

 Pertsonak falta dira lanerako eta langabezia tasa %10etik gorakoa da. Nola ulertzen da hori? Langile kualifikatuak behar dira eta hauek aurkitzea oso zaila omen da. Atzerrian daudenak galdezka daude ea noiz hobetuko diren lan baldintzak hemen. Bigarren mailako lan baldintzak ditugu. Zaintza arloan ere pertsonak falta dira. Hauek ere baldintza oso eskasetan lan egiten dute. 

 Kontraesan guzti hauek bestelako irtenbide bat eskatzen dute. Soldata eta lan baldintza duin batzuk izatea eskatzen dute, bai zaharren egoitzetako langileak, baita metalgintzako langileek eta beste kolektibo askok.

2019(e)ko azaroaren 22(a), ostirala

Kalitatezko zonalde urdina eraikitzen

 Zahartzaroa eta bakardadearen aurrean Arrasaten martxan jarri den iniziatibaren berri izan dut. Gaur egun pil pilean dagoen gaia da. Gure inguruan familien egituraketa berrien aurrean eta batez ere emakumearen lan merkaturatzearen aurrean, komunitatea indartu beharrean aurkitzen gara, eta horretan hasi da SSI Taldea

  Horretarako Begirada Aktiboa ekimena martxan jarri du. Arrasateko hainbat talderekin kontaktuan jarri dira; herriko jubilatu eta pentsiodunen lau elkarteekin, Caritasekin, Arrasateko helduen Kontseiluarekin, Sasoibide taldearekin (ibilbide osasuntsuak programa), Goienagusi elkartearekin (eskualdeko nagusien formakuntza iraunkorra) eta pentsio duinen aldeko Duintasuna Plataformarekin.

  Argi dago ekintza komunitarioaren beharra, batez ere bakardadean aurkitzen diren pertsonentzat laguntza sistemak eratzerako orduan. Nire hipotesia da gizonezkoen artean bakardade sentimendua jasangaitzagoa dela emakumezkoen artean baino. Nire kezka nagusia gizonezkoen inplikazioa eskasa.

 Benetan berritzailea eta berdintasunean oinarritutako kalitatezko zonalde urdina eraiki nahi badugu Debagoienan, gizonok gai honetan inplikatu behar dugu. Erronka guztiona da, baina gizonona bereziki. Egoera antzekoetan dauden gizonengana urreratu eta elkarren arteko komunikazio eta elkarguneak eratu behar ditugu. Erronka horretarako prestatu egin behar dugu eta lanean hasteko garaia da.



2019(e)ko azaroaren 12(a), asteartea

Denbora eta espazioaren kontzeptuen aldaketa

  Denborak gaurko gizartean duen balioa eta gure arbasoentzat zuena ez da berdina, bietan egunak hogeita lau ordu izan arren. Orain, hori denbora galtzea edota denbora urrea da bezalako espresioak ohikoak dira. Guzti horren atzean etengabeko merkantilizazio bat dagoela ikusten dugu, hau da gure aitona-amonek nekazaritza giro baten bizi ziren eta ez zuten eskumuturrean ordularirik eramaten. Beraien gida eguzkia eta urtaroak ziren, noiz eta zer ordutan esnatu edo solora noiz joan zeruari begiratuta egiten zuten.

  Gaur berriz, digitalizazio eta komunikazio baliabideei ezker, momentu oro gaude denboraren sokapean soka saltoka. Ez daukagu zalantzarik zein ordutan bizi garen, zein eguraldi egingo duen eta erosketak non eta zein egun edo ordutan egin.

  Espazioarekin ere gauza bera gertatu zaigu, lehen espazioa gure inguru naturala zen, baserria, gure auzune edota gure herria. Orain berriz komunikazio tresnei ezker, birtualki edozein lekutan kokatu gaitezke. Lagun edota senitartekoekin munduko edozein tokitan konektatu gaitezke.

  Denbora eta espazioak uniformatzea, gure erlazioak eta munduarekin erlazionatzeko moduak erabat aldatu ditu. Nik ez dakit zuentzat, baina niretzat ordularirik gabeko gizarte batera itzultzea zirraragarria litzateke, gure inguruak, naturak ezartzen dituen patroiak jarraituaz bizitzea. Horrelako adibideak badira eta hauek nola funtzionatzen duten aztertzea ondo legoke, gure errutinatik irten eta funtzionatzeko patroi berriak bilatuz.

2019(e)ko azaroaren 11(a), astelehena

Udazkena iritsi da

 Mendi puntatan elurra ageri da eta gu tartean euripean gaude. Azaroa izan ohi da estatistika guztien arabera urteko hilabeterik euritsuena gurean. 

Udazkenarekin batera hauteskundeak izan ditugu aurten bigarren aldiz Espainian. Alderdi Sozialistak bigarrenez irabazi ditu hauteskundeak eta hala ere ez da etorkizuneko gobernu sendorik ikusten. Vox izeneko eskuineko alderdi ultrak gorakada harrigarria izan du, eta guztion ahotan dabilen gaia da. Ez dago argi zer gertatuko den, baina seguruenik alderdi sozialistak ezkerreko beste alderdi batzuekin batera, Ahal Dugu, Mas Pais, Alderdi Jeltzale eta beste banaka batzuekin eta ERC abstentzioarekin gobernua sortzeko moduan egongo da.

Egia da udaran ere saiatu zirela Sozialistak eta Ahal dugu gobernua eratzen, baina ez zen posible izan arrazoi ezberdinegatik. Erabakiak hartzeko momentua iritsi da. Gobernu progresista eta ezkerreko baten zain gaude, aurreko hilabetetako tira birak alde batera utzi eta behingoz lanean hasiko dena.

Premiak larriak dira, batez ere talde edo kolektibo konkretu batzuetan; dependentzia egoeran daudena pertsonak eta beraien zaintzaileak, etxebizitza duin baten beharrean daudenak, soldata miserable eta behin behinekotasun egoeran dauden langileak, etorkinak eta abar luze bat.

Egia da  politikak komunitatearen sostengurik gabe ez duela beharko lukeen eraginkortasunik lortzen eta horretan herritarrok gure inguruan ditugun baliabideak martxan jartzea tokatzen zaigu, gure gertueneko espazioan gure ekarpena eginez.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...