2021(e)ko martxoaren 8(a), astelehena

Martxoak 8

 Martxoak 8 emakumeen eguna, aldarrikapen eguna. Konsuelo, amaren alde aldarrikatu nahi dut, bizitza guztia  ama, langile, zaintzaile lanetan aritu dena eta orain zaintza behar duen pertsona. 86 urte betetzeko eta beti familiakoak, lagunak, ondokoak nola dauden galdetzen duen emakumea. 

Familia izan da bere ardatz nagusia eta orain inguruan gaituenak laguntzeko prest egon behar dugu, oroimena ahultzen doan honetan, zein egunetan bizi den ez dakienean, ingurukoen laguntza da bere heldulekua. Eguneroko deia, nola lo egin duen, ondoren zein plan dituen, oraindik eguna antolatzeko gai da bere kabuz. Goizean jaiki eta gosaldu eta gero etxeko lanetan murgiltzen da, ondoren erosketak egitera joaten da ia egunero, eta eguerdi alderako etxera bueltatzen da. Bazkaldu eta lo kuluxka, ondoren lagunekin pasiera bat eta zerbait hartzen dute gozotegian. Iluntze aldera etxera afaltzera doa eta ondoren telebista ikusi eta ohera. Lo askorik ez du egiten gauez baina bere orduak sartzen ditu ohean. 

Urkizu baserrian jaioa eta hamalau urtetatik lanean, lehendabizi Bergaran eta udaratan Deban, hotelean zerbitzari lanetan. Donostiako hainbat jatetxetan ere zerbitzari lanetan ibilia ezkondu zen arte. Etxetik kanpo lan egiteko prest eta kooperatiban sartzeko eskaera egin zuen, baina ez zuten kontutan hartu, beraz ume zaintzaile lanetan aritu zen. Etxean lan egiteaz gain kanpoan ere ibili zen, senarra Bixente kooperatiban ibili zen bitartean. Biak jubilatu ziren batera, amak aitari esan zion, zu jubilatu zara eta ni ere jubilatzera noa. Hala ere aitak ez zuen inoiz etxeko lanik burutu, beraz ama ez zen inoiz jubilatu.

Ama alargundu zen eta bere inguruko anai arrebak desagertzen joan dira, horrek bere eremu soziala asko mugatu du, lagun minak ahizpak izan zituen. Mantentzen ditu bi, hiru lagun eta hauekin joaten da paseoan arratsaldero. Aurretik semearen bisita jasotzen du egunero, nola dagoen eta zerbait behar duen galdetzen dio. Esker oneko emakumea, inoiz ez du hitz bat bestearen gainetik esan, ezta aurpegi txar bat izan ondokoarentzat. Eskolan urte gutxiegi eman zituen eta hala ere seme alaberi bere lanari ezker ikasteko aukera eman zigun unibertsitateko ikasketak bukatu arte.

Konsuelok, amak badaki emakumeen egunak zer esan nahi duen, berak ere egitura matxisten ondorioak pairatu behar izan dituelako, bai etxean eta baita lanean ere. Etxean etxeko lanen banaketan guztion parte hartze eskasagatik, ama zen etxeko langilea, seme alabak zerbaitetan laguntzen genuen baina berak zeraman etxeko karga nagusia.

Kanpoko lana eramateaz gain ortuan ere ibiltzen zen larunbatetan aitarekin batera, gure bizitzan ama izan da motorra, eta bera da gure babesle eta inspirazioa. Aita etxean gutxi egoten zen, gauean afal orduan baina bestela ez genuen bere laguntzarik.

Gauza berririk ez dut esan orain arte, baina seme alabak kontziente gara egoera irauli dela eta orain gure etxeetan ez dela gurean bizi izan genuen egoera bera. Hobera joan da dena, orain gurean etxeko lanen banaketa berdintasunean oinarritzen da. Hala ere lan arloan eta beste arlo askotan bide luzea egiteko dago. 

Eskerrik asko ama eman eta erakutsi diguzun guztiagatik.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...