2015(e)ko azaroaren 25(a), asteazkena

Ezagutzaren gizartea, berrikuntza eta eraldaketa soziala



Ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartea aldarrikatzen dugun honetan berau aurrera eramango duten euskarriei buruz hitz egiteko orduan garapen teknikoa, berrikuntza eta gizarte aldaketaren arteko erlazioa nolako den hausnartzea planteatu behar dugu. (Innerarity, 2009)[1].

XXI. mende honen hasieran ezkutuan genituen arazoak plazaratzen hasi dira eta hauei erantzun berriak emateko beharra sentitzen dugu. Orain arte dinamika ezberdina izan dute arlo teknologiko, ekonomiko, sozial, kultural eta politikoak  gure enpresetan eta gizartean orokorrean. Irtenbide teknologikoak ematerako orduan gure hezkuntza sistemak, unibertsitateak eta bestelako agenteak, abiadura eta intentsitatea jarri diote. Ibilbide soziala eta politikoa berriz motelagoa izan da, arazoei erantzuna emateko denbora ere ezberdina delako eta honek talka sortzen du.

Arrasateko esperientzia kooperatiboan arlo teknologiko eta ekonomikoak izan duen garapena oso bizia izan da. Berrikuntzak arlo teknologikoan eman dira batez ere eta gutxiago arlo sozialean. Arlo soziala eta arlo teknikoa dikotomia izatetik bat izatera pasabidea eraiki behar da ezagutzaren gizartean. Horretarako arazo berriei ikuspegi integralago batetik erantzuna emateko garaia da.

Partaidetza areagotuko duten erremintak eraikiaz, enpresa irabaziak hasieratik gizartearen eta ez bakarrik bazkideen interes kolektiboarekin bat eginez eta herentzia soziala integratuko dituzten gestio ereduak garatu behar ditugu. Enpresa kooperatiboak, bizi den komunitatearen garapen integralago baterako estrategiak garatu behar ditu bizi den eskualdeko beste partaide batzuekin batera (aisialdiko elkarteak, zahartzaroa era aktiboan bizitzeko nahia duten pertsonekin, ingurumena ardatz duten eragileekin, kontsumo taldeekin, kultur taldeekin, genero ikuspegia lantzen duten agenteekin, hirigintza berritzaile baten inguruko pertsonekin…). 

Azken finean gure komunitatearen garapen osoa eta pertsonaren subiranotasuna helburutzat dituzten estrategiak aurrera eramateko, partaidetza zabala zein aktiboa oinarritzat duen bisioa eraiki behar dugu, balore eraikitzaile, ekologista eta humanistetan oinarriturik. Horretarako hezkuntza kooperatiboa ezinbesteko tresna bilakatzen da.

2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

Hau da marka hau!




Kontsumismoaren kultura da gure kultura globalaren kapatako bat. Globalizazioa eta norbanakook erlazionatzeko eratako bat kontsumismoaren hedapena da. Produktu edo zerbitzu bati marka baten izena ematea da erlazio horren adierazpen garrantzitsuenetarikoa. (Castells, 2009).

Marka inork aipatzen ez duen produktu edo zerbitzu bati buruzko ideia edo kontzepzioa da. Enpresa, erakunde eta pertsonentzat identitatearen eraketa instrumentala da eta horretarako estrategia ezberdinak dituzte.

Markari buruzko definizio eta kontzepzio ezberdinetatik haratago, marka erlazio bat eratzeko modu bat da. Gure kulturan ideiak merkantzia dira. Virginek adibidez 20-30 urteko pertsona indibidualista, ez konformista, managaitz batekin konektatu nahi du,  beraien mezuetan ideia hori igorriz. Demokrazia eta iraultza bezalako ideiak publizitatearen edukiaren parte dira.

Marken erronka nagusiena giza interakzioan sorturiko testuingurua ulertzea da, gizartea azken finean, hartu eman ahal den eta iraunkorrenak lortzeko. Markaren helburua kalitatezkoa eta bizia izango den interakzioa lortzea da honela  produktu eta zerbitzuekiko zintsotasuna izan dezagun gure kontsumoa gauzatzeko orduan.

Markek emozioen munduan eta identitate pertsonalaren osaketan parte hartu nahi dute,  bi elementu horiekin elkar eragingo duten testuinguruak sortuz eta eraikiaz. Pertsonaren behar emozionalak dira marken abiapuntua. Alde batetik pertsonalitateari esanahia emanez, hau da pertsonak bere buruaz duen kontzeptua osatuz eta bestetik emozioen testuinguru bat sortuz. Pertsonen esperientzietan parte izango dira markak. Beldurra, arriskua, poza bizi ditugunean gurekin batera izango dira markak.

Marken bigarren abiapuntua interakzioan sorturiko esanahiak eta sinboloak instituzionalizatzea izango da kultura propio bat sortuz eta hauek erreferentziazko ikonoak bihurtuz beste pertsona edo komunitateentzat. Hegemonia lortzea izango da marken azken helburua kontsumoko gizarte kapitalistan, beraien produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko.

Nola deskonektatu? Hori da gure buruari egiten diogun galdera. Gure bizitzako edozein alorretan sartzen dira markak. Kontsumitzaile izatetik haratago  pertsonak, hiritarrak ere bagara eta gure espazioak behar ditugu. Espazio publikoak berreskuratu eta gure askatasuna aldarrikatuko duten komunitateak sortu eta eraikitzen joan behar dugu. Kontsumo alorrean autokontsumoko komunitateak sortuz, aisialdian pertsonen garapen integrala dakarten ekintzak burutuz eta monetarizaziotik aldenduz.

Gakoa egunero kontsumitzen dugunaren kontzientzia hartzea da eta geure buruari benetan zoriontsu bizitzeko zer behar dugun galdetzea da. Baina galdera horri erantzuteko gure zerebroa reseteatu behar dugu. Jasotzen ditugun mezu guztiak gure arlo emozionala baldintzatuta bait dute eta hori erabakiak hartzeko orduan determinatzailea da.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...