2015(e)ko azaroaren 25(a), asteazkena

Ezagutzaren gizartea, berrikuntza eta eraldaketa soziala



Ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartea aldarrikatzen dugun honetan berau aurrera eramango duten euskarriei buruz hitz egiteko orduan garapen teknikoa, berrikuntza eta gizarte aldaketaren arteko erlazioa nolako den hausnartzea planteatu behar dugu. (Innerarity, 2009)[1].

XXI. mende honen hasieran ezkutuan genituen arazoak plazaratzen hasi dira eta hauei erantzun berriak emateko beharra sentitzen dugu. Orain arte dinamika ezberdina izan dute arlo teknologiko, ekonomiko, sozial, kultural eta politikoak  gure enpresetan eta gizartean orokorrean. Irtenbide teknologikoak ematerako orduan gure hezkuntza sistemak, unibertsitateak eta bestelako agenteak, abiadura eta intentsitatea jarri diote. Ibilbide soziala eta politikoa berriz motelagoa izan da, arazoei erantzuna emateko denbora ere ezberdina delako eta honek talka sortzen du.

Arrasateko esperientzia kooperatiboan arlo teknologiko eta ekonomikoak izan duen garapena oso bizia izan da. Berrikuntzak arlo teknologikoan eman dira batez ere eta gutxiago arlo sozialean. Arlo soziala eta arlo teknikoa dikotomia izatetik bat izatera pasabidea eraiki behar da ezagutzaren gizartean. Horretarako arazo berriei ikuspegi integralago batetik erantzuna emateko garaia da.

Partaidetza areagotuko duten erremintak eraikiaz, enpresa irabaziak hasieratik gizartearen eta ez bakarrik bazkideen interes kolektiboarekin bat eginez eta herentzia soziala integratuko dituzten gestio ereduak garatu behar ditugu. Enpresa kooperatiboak, bizi den komunitatearen garapen integralago baterako estrategiak garatu behar ditu bizi den eskualdeko beste partaide batzuekin batera (aisialdiko elkarteak, zahartzaroa era aktiboan bizitzeko nahia duten pertsonekin, ingurumena ardatz duten eragileekin, kontsumo taldeekin, kultur taldeekin, genero ikuspegia lantzen duten agenteekin, hirigintza berritzaile baten inguruko pertsonekin…). 

Azken finean gure komunitatearen garapen osoa eta pertsonaren subiranotasuna helburutzat dituzten estrategiak aurrera eramateko, partaidetza zabala zein aktiboa oinarritzat duen bisioa eraiki behar dugu, balore eraikitzaile, ekologista eta humanistetan oinarriturik. Horretarako hezkuntza kooperatiboa ezinbesteko tresna bilakatzen da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...