2013(e)ko abenduaren 20(a), ostirala

Lan bilaketan estrategiak nola aldatzen ari diren


Gaur egungo lan merkatuan guztiontzat lanik ez dago. Beraz lan eskatzaile gehiago dago lan eskaintza baino. Beraz horrek hautagaien arteko lehiakortasuna handitu egiten du eta jokatzeko erak ere aldatu egiten ditu.

Lan bat aurkitzea ez da erraza, eta askotan lan eskaintzatan izena ematera mugatzen bagara edota kasurik onenean, lan eskaintzaileekin hartu eman zuzen bat izatea lortzen badugu gure profila ikusi dezaten, gauzak zaildu egiten zaizkigu.

Lan bilaketan erabili ditugun mekanismo tradizionalak (lan eskaintzetan izena eman, interneteko enplegu weben bitartez edota zuzenenean enpresatara zuzenduz) eragin gutxikoak bihurtu dira. Ondorioz zure erreferentziako eremuan kokatu beharra daukazu lan eskaintza existitu aurretik.

Guzti honek CV bidalketari balioa kentzen dio, hau da lan eskaintzaileak ez dio balio erantsirik ikusten ekintza horri. Gogorra da baina zenbat aldiz deitu dizute CV bat espontaneoki bidali ondoren?

Gure estrategia aldatu behar dugu, erlazioak sortu behar ditugu aukerak sortu ahal izateko eta orduan bai izango da egokia gure kandidatura eskaintzea. Beraz denbora galtzea da adibidez LinkedInen bitartez lan eskaintzaileekin kontaktuan jartzea inolako aurkezpen zehatzik egin gabe eta erantzunaren zain gelditzea. Motibatu ditzagun gure kontaktuetarako gerturatzea. Zergatik hurbildu? Zer bilatzen dugu erlazio horrekin?
 
 

Erlazioak gure eremu profesionalarekin loturiko ekintzetan oinarrituta burutu ditzakegu edota zeharkako beste eremu batzuetan. 
Gure buruari galdetu beharko diogu zein beste eremu berri sortzen ari diren eta zein pertsona ari diren eremu horretan proiektu ezberdinak lantzen. Erlazio berriak ireki ditzakegu behar bada arlo horretan.

 

2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

Arrasatetik etorkizunari begira, zeintzuk dira aukerak?

Hiru hilabete pasatu dira  Fagorren itxieratik eta oraindik gaia mahai askoren bueltan dabil. Familia askotan lanaz gain aurrezkiak ere bertan gelditu dira ondoraturik. Etorkizuneko lan aukerak ere airean daude. Guzti horrek zein ondorio izango dituen ikusteko dago.


 
Gure inguruan horrelako kasuak ikusten ari gara, Azpeitian hainbat enpresa garrantzitsu itxi egin dira eta familia askoren egoera asko gaiztotu da. Etorkizun argirik gabe geratu dira herritar asko eta guzti hori herriko kale giroan islatzen da.
 
Panorama honen  aurrean guztiok jarri behar dugu martxan. Zeintzuk dira gure aukerak? Industria izan da beti gure artean erroturiko aktibitatea eta horra bideratu beharko ditugu gure indarrak. Aktibitate eta zerbitzu berriak asmatu eta eraiki beharko ditugu. Seguru nago lortuko dugula, arazoa behar bada denbora da. Batzuentzat aukera berri horiek gauzatu orduko lan merkatutik kanpo izango dira.
 
Bitartean solidaritatea eta elkarlana oinarri hartuta dagoen lana banatu beharko dugu. Benetan behar dugun hori banatzetik etorriko da iraultza. Lana eta pertsona kapitalaren gainetik jartzeko momentua iritsi da. Laino artean bizi izan gara gure diruen zaintzan, lana eta honen balioa albo batera utzita izan ditugu, lanera dirua irabaztera goaz esaldia oso barneratua izan dugu. Lana ondo egitea eta horrek duen garrantzia alboratuz.
 
Betiko baloreak berreskuratzeko momentua iritsi da, euskaldunok  munduan zehar ezagutzera eman gaituztenak. Erronka ez da batere erraza baina egoera zailagoetatik irteteko kapaz izan gara.
 
Animo momentu txarrak pasatzen ari zareten guztioi!


2013(e)ko azaroaren 21(a), osteguna

Europara begira baino Hego Ameriketara begira jarri beharko genuke.

Nere lanen artean enpresa ezberdinak bisitatzea dago prospekzio lanak eginez. Etorkizunean zein proiektu, helburu eta azken finean zein lan karga izango duten aztertzeko eta hortik abiatuta zein pertsonal eta zein ezaugarritakoak beharko duten aztertuz.
 
Mota guztietako enpresak bisitatzen ditut eta bakoitzak kultura, pentsamolde eta etorkizun ezberdinak irudikatzen ditu. Batzuk betiko bezeroekin lan egiten dute eta ez dute merkatu azterketa handirik burutzen, beste batzuk berriz egoerak eraginda beste merkatu batzuen bila dabiltza, Europan eta mundu guztian.


Jende prestatua eta munduan zehar edozein lekutan negozio bat irekitzeko kapaz izango diren pertsonak behar dituzte enpresa hauek. Profil teknikoa eta ingelesa, negoziatzeko eta hartu emanetarako irekita egongo den pertsona.
 
Enpresa batzuk Hego Ameriketan jartzen dute beraien negozioen etorkizuna. Europa geldi omen dago eta Asian Txinak du jabetza.
  
 
Egia esan gure inguruko profil profesional batzuk Hego Amerikan kokagune nahiko samurra izango lukete, bai hezkuntza arloan, enpresagintzan eta ingeniaritza arloan. Txile, BrasilPeru, Ekuador, Kolonbia hazkuntza prozesuan daude eta bertako profesionalak ez dira nahikoak bertako hazkuntza tasa hori mantentzeko. Langabezia tasak ere oso baxuak dituzte, hala ere ikerketan inbertsio maila oraindik baxua da.

 
Garai baten gure arbasoak salto hori egin zuten eta Ameriketako herrialde ezberdinetan murgildu ziren. Behar bada lurralde horietara bueltatzeko garaia iritsi zaigu etorkizun berri baten bila.


Anekdota gisa, gaur goizean Txilen bi aste daramazkin neska batekin aritu naiz hizketan, bertako unibertsitate baten idazkari lanetan dabil eta honako hau esan dit: "Ni txunditurik nago horrelako bizitza sekulan pentsaezina iruditu zaidalako eta lehenengo aldiz etorkizun batean pentsa dezakedalako. Beraz, animatzen ditut ekonomikoki eta familia loturik gabe dauden pertsona guztiak herrialde polit honetara etortzera".

2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

Goizero eguzkia ikusteko esperantzarekin.

Egia esan ez dut azkenengo 20 urte hauetan enpresa baten 2 urte baino gehiago egoteko aukerarik izan, lan egin dudan guztietan epe muga baterako izan da. Hamar enpresa ezberdinetan lan egin dut, tamaina, kultura, sektore eta forma juridiko ezberdinetakoak. Enpresa horietan lan mota ezberdinak egin ditut, peoi lanetatik hasi, inkestatzaile, fundizioko langile, irakasle, orientatzaile, begirale, prestakuntza alorreko teknikaria etab. Euskal Herrian hasi eta Europaraino joanda, hiru hizkuntza ezberdinetan lanak burutu ditut. 20 urte hauetan irabazitako batabesteko ordainsaria mila eurotakoa izanda. Nire bizitza maila horretara egokitu dut.

Lan merkatuan beste 20 urte gelditzen zaizkit, gaur hemen nabil orientazio lanetan baina datorren urtean non izango naizen ez dakit. Non egotea gustatuko litzaidaken badakit, baina hori lortzeko egin beharrekoak egin arren bilatzen ditudan emaitzak ez dakit lortuko ditudan.

Hala ere uste osoa daukat, hemendik aurrera garatuko ditudan lan berrietarako oso baliagarriak izango zaizkidala azken urte hauetan lortutako esperientziak.

Egoera hau da gazte askok momentu honetan bizitzen ari direna, hainbat lan esperientzia dituzte eta norabide jakin baten joan nahi duten arren inguruak ez die batere laguntzen.
 
 
 
Bitartean gizarteak bere martxa darama euria ari duen bitartean, batzuk kalean bustitzen eta beste batzuk aterpean baina guztiok itsaso berdinean. 


2013(e)ko urriaren 22(a), asteartea

Fagor eko langile batzuk hasi dira lan bila.

Astebete igaro da Fagorreko langileei ateak itxiko zituztela komentatu zietela. Gure  unibertsitateko orientazio zerbitzuan Hometekeko ingeniariak azaldu dira. Behin behineko kontratuekin egun batetik bestera enpresa itxi eta kontratuak eten dizkiete. Domotika eta etxe domotikoaren garapen sailean lan egiten zuten. Lan karga handiarekin eta etorkizun handiko sail baten.

Langile hauek ez dute arazorik izango lan merkatuan beste lanpostu bat lortzeko.

 
 
Fagorrek hartutako erabakiak zeharkako ondorioei buruz luze eta zabal hitz egingo dugu hurrengo hilabetetan, baina nere beldur handiena Arrasaten eta inguruan arazo honek utziko duen jendearen arteko mesfidantza izango da, bai kooperatibako gestoreekiko eta baita lankide eta beste kooperatibista batzurekiko. Guztientzat lan aukerak bilatzea oso zaila izango da eta horrek mesfidantza eta egonezina ekarriko du.
 


2013(e)ko urriaren 17(a), osteguna

ULGOR ere badoa!

Egun on aitta!

Gaurkoan zure lantegia izandakoa ekarri nahi nuke gure elkarrizketara. ULGOR desagertzeko zorian dago. Astelehenetik aurrera 1.500 langile langabeziara joango dira. Badakit zu zauden tokian gauza hauek bigarren plano baten gelditzen direla baina mundu honetan eta gure herrian lana beti izan da aberastasun iturri.

Zuretzat eta zu bezalako askorentzat kooperatiba lantoki izateaz gain zure bizitzaren zati haundi bat izan da. Gogoratzen ditut kooperatibei buruz izaten genituen solasaldiak, pertsonen inplikazioa proiektuan, ilusioa, arazoen aurrean denok elkarrekin aurrera egiteko ikuspegia, lana eta honi loturiko bizimodua ulertzeko beste era bat. Beti defendatu zenuen kooperatiba, gogoratzen dut zein momentu latzak bizi izan zenituen 80. hamarkadan krisiaren ondorioz, etxean egon zinen momentu haietan, galerak izan ziren garaian. Hala ere beti sinistu zenuen proiektu horretan.

Hor goian zaudeten koadrilan kooperatibista asko dagoela badakit eta gaiari buruz ere hitz egiten duzuela. Irtenbideak lurrean bilatu beharko ditugu, baina zuen kutxu, humus kooperatiboa pixka bat gure artean zabaltzea ondo etorriko litzaiguke.

Ondo pasa eguna, gu bitartean zuen esperientzia kooperatiboa inspirazio iturri hartuta ea kapaz garen beste esperientzia berri batzuk eraikitzeko.

2013(e)ko abuztuaren 6(a), asteartea

Debagoieneko langabeziaren bilakera 2013ko urtarriletik uztailera bitartean


 


197 pertsonatan jetisti da langabezia Debagoienean azkenengo sei hilabetetan Eustaten datuen arabera.

 Tendentzia martxotik uztailerakoa jeitsierako izanda. Hala ere ez da susperraldi haundirik espero aurten behintzat.

2013(e)ko maiatzaren 25(a), larunbata

Debagoienan langabeziaren bilakaera

Debagoienako mankomunitateak hiruhilero ateratzen dituen langabeziaren inguruko datuak aztertzen aritu naiz eta hainbat datu aipatu nahi ditut.




http://es.slideshare.net/Bergarako_Udala/2013martxoa-apirila?ref=http://www.bergara.net/Udala/Lan%20Merkatuaren%20Txostena

Datu aipagarri gisa aipatuko nuke Debagoienan gizarte segurantzako afiliazioan izan den jeitsiera eta Aretxabaletak  bereziki izan duen jeitsiera, %20 koa izan da krisi hasieratik biztanleriaren bilakaeran aldaketarik izan ez denean. Gipuzkoan  %7,44 jeitsi da.

Kontratazio kopuruetan ere puntu bajuenean gaude.

Lan merkatutik jendea ateratzen dabil, jubilazio eta aurrejubilazioen bitartez, baina inolako erreleborik ez da ematen ari enpresatan, eta aldi baterako kontratazioa ere geldi dago. Panorama ilun honen aurrean badira argi batzuk, batez ere arlo industrialak eta esportazioak automozio arloan duen kontratazioa. Zerbitzuak berriz krisi hau gehien nabaritzen ari den sektorea da.


















2013(e)ko maiatzaren 12(a), igandea

Ikasketak bukatu eta orain zer?

Galdera hori da ikasle askok planteatzen digutena. Ikasketak burutzen aritu diren bitartean lan munduarekin izan duten kontaktua, bekadun gisa lan eginda edota proiektua garatuaz izan da, baina beti tutore baten ardurapean.

Behin fase hori iraganda lan mundurako benetako saltoa ematea falta da. Lehen, orain baino errazago ikasleak proiektua egiten zuten enpresan lanean jarraitzen zuten. Egoera hori orain zaildu egin da, enpresak kontratazio berriak egiteko arazoak dituzte. Barne mezua, dauden baliabideekin konpondu beharra dagoela eta beraz kontratazio berri bat egin aurretik gauzak bost aldiz pentsatu eta aztertu behar dira
.


Egoera honek zenbat iraungo duen inork ez daki zehazki eta bitartean zer egin? Nora jo? Non aurkitzen dira lan aukera berriak? Horiek eta beste batzuk dira graduatu berriak planteatzen dizkiguten galderak.

Batzuk ikasten jarraitzea erabakitzen dute, geldi egon beharrean behintzat denbora aprobetxatzeko asmoz, beste batzuk azterrira hizkuntza maila hobetzeko eta beste batzuk lan merkatu alternatibotan sartzen dira, hau da beraien ikasketa edota helburuekin bat ez datozen lanetan murgiltzen dira.

Panorama honen aurrean orientatzaile gisa bizitza eta oraingo krisi egoera honek planteatzen dizkigun erronkei buruz mintzatzen gara ikasleekin. Beraien beldurrak eta noraezak azaleratu eta erronka eta aukera berriei buruz hitz egiten dugu.

2013(e)ko urtarrilaren 8(a), asteartea

HUMANITY AT WORK


Euskaraz gizatasuna lanean esan nahi du  tituluak, eta gaurkoan gai hau hartu dut nire blogeko idazgai, orain kontatuko dizuedan pasadizo honen harira.

Mondragon Unibertsitatean orientazio lanetan ari naiz eta ondorioz ikasle eta ikasle ohiekin egoteko aukera dut egunero eta gaurkoan ikasle ohi batekin izan naiz.

Langabezian geratu den pertsona honek hiru urte egin ditu kooperatiba baten lanean eta kaleratua izan da, arduradunak pena haundiz esan dio ez daukala jarraitzerik  beste kooperatiba bateko langile bat datorrelako bere lanpostura. Azken hau beste kooperatiba batetik dator, han lana falta da eta berkokatu egin dute.

Lehena oso penaturik dago eta mindurik jaso duen tratuagatik, ez zuen horrelakorik espero. Bigarrena berriz haserre beste toki batera mugitu dutelako.

Nerekin egon denak Humanity at work leloa ea zergaitik duen kooperatiba munduak galdetu dit. Eta bere buruari esan dio: Jose Mari Arizmendiarretak burua jasoko balu. Ni pentsakor geratu naiz eta nere bulegoko leihotik kanpora Jose Maria Arizmendiarretaren eskulturari begiratu diot. Gure artean isiltasuna nagusitu da. Gure begiradak elkarlortu dira eta elkarri eskua emanez agurtu gara.




Hau da MCC ren leloa

Pertsonak ardatz hartuko dituen egitura eratu eta indartu behar dugu, asmo onak errealitate bihurtuz. Leloak lelo dira eta benetako ikur bihurtu daitezen lan haundia egiteko dago oraindik.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...