2019(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

Uda garaiko kontuak

Badira urte batzuk udara iristen doan neurrian nire haurtzaroko kontuak gogoratzen hasten naizen. Momentu benetan oparoak eta eztiak lagun artean edota bakarrik, kalean edo mendi inguruan pasatzen genituenak.

Astegunetako fraka motzak eta nikia jantzi, zapatila zuriekin, hor pasatzen genuen uda osoa alde batetik bestera.Goizean nahikoa lo egin, gosaldu eta kalera egun horretarako planik gabe, baina beti zerbaitekin buruan. Orduan dozena bat lagun erraz elkartzen ginen inongo hitzordurik hitzartu gabe, kalera irten eta bertan topo eginez.

Jolas guztiak kalean gauzatzen ziren, orduan gaur egun baino kotxe gutxiago zegoen, jolaserako espazio publikoa  zabala zen. Inongo beldurrik gabe eta ardurarik gabe kalean jarduten genuen jolasean. Ziba hartu eta etengabeko jirak emanda edota soka saltoka bai neska eta mutil. Arratsaldeak astunagoak izaten ziren, besaulkian etzanda siesta botatzen genuen kalera irten aurretik. Beroa moteltzen zen neurrian gure bizitasuna eta mugimendua areagotzen zen. Horrela gau partea izaten zen jolasteko momenturik egokiena, izarren eta kaleko farola apurtuen argi azpian.Berandu arte ibiltzen ginen kaleetan edo inguruetan, amak oihu egiten zigun arte eta orduan etxerako bidea hartzen genuen.Bai ederrak orduko uda garai haiek.

Egun haiek gogoratzen ditudan bitartean aurtengo plana zein izango den orain dela hilabete aurreikusi genuen. Orain gauzak aldatu dira, bikotekideak jai noiz duen eta nik noiz dudan ikusi behar biok elkarrekin kontatu ahal izateko. Dena planifikatu beharra dago, nora joan, noiztik nora, zer egiteko eta abar luze bat. Beste garai bat da oraingoa eta denbora aurrera doan seinale.

Udaz disfrutatu.







Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...