2015(e)ko abenduaren 11(a), ostirala

Politikatik zer egin?(II)


Europan II. Gerrate Mundialaren ondoren, langileria eta kapitalaren arteko itunetik sorturiko ongizate estatua krisian sartzen da 80. hamarkadan, enpleguak ekonomia errealean pisua galtzen doan neurrian. Honen eraginak ongizate estatuaren lau pilaretan pentsio, hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozial sistemetan ezberdinak izan dira herrialde eta egituraketa instituzionalaren arabera. 

Enpleguaren galeraren aurrean Fernando Fantovak botere publikotik bultzatu diren  politika sozialei buruzko ideia merkatuan[1] dozena bat proposamen aipatzen ditu eta bakoitzak ideologia eta interes talde ezberdinei erantzuten die. Big Society bezalako planteamenduetatik hasi, inklusio aktiboa, oinarrizko errenta, inbertsio sozialaren paradigma, pertsonatan oinarrituriko politika eta beste batzuk aipatzen ditu.

Gure inguruko herrialdetan eta Europan orokorrean, inklusio aktiboa ardatz duten politikak dira nagusi, enpleguan jartzen dutelarik azpimarra. Ikuspegi  honentzat  enplegua eskaintzea baino politika sozial hoberik ez dago.  Gure kasuan Lanbidek gestionatua da. Enplegu politika aktiboen bultzatzaile eta eragilea nagusia da. Zentro kolaboratzaile sare zabal baten bidez inplementatzen ditu lanerako prestakuntza, orientazioa eta bitartekaritza ildo nagusiak. Momentu honetan eskaintzen dituen  laneratzeko formazio programak oso homogeneoak eta arautuak dira.[2]
 
Bestetik Euskal Autonomia Elkartean (EAE) baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzat RGIa dugu. Oinarrizko beharrak estaltzeko baliabide ekonomikorik ez duten eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonentzat jarritako diru sarrera da.



Enpleguaren munduan lan egiten duten eta gizarte «ezberdin» baten garapenerako lanean dabiltzan beste agentetako bat ekonomia sozialeko erakundeak dira. Pertsona ekonomiaren zutabe bihurtu nahi dute  eta bertan kooperatibak,  gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak,  gizarte ekinbideko enplegu bereziko erakundeak eta abar luze bat daude. Hauen ekimenari ezker lan munduan arazoak dituzten pertsona askok lanpostu duin bat aurkitu dute.





 


Egia da merkatuak bazterturiko kolektiboak gizarteratzeko politika publikoen ezintasunaren ondorioz sortu direla adibidez gizarteratze enpresak. Galdera zera izango litzateke, zein paper jokatu beharko luke ekonomia sozialak estatuaren atzerakadan?

Garapen komunitariotik abiatuta ekintzailetasun soziala dugu gizarteak eta ekonomiak planteatzen dituen erronkei erantzuteko beste saiakera ezberdin bat da. Amalio Reyk dioen bezala zuzeneko helburua enplegua lortzea izan ez arren aberastasun soziala sortzeko kapaza da:

“Ekintzailetasun sozialaren funtsezko helburua da jendarteak dituen arazoak konpontzea, ez dio zuzenean erantzuten enplegu bat lortzeko beharrari”.[3]

Hala ere, ekimen guzti hauez gain datorkigun erronkari aurre egiteko gizarte zibilarekin kontratu sozial berria adostea proposatzen du Rifkinek[4]. Alde batetik enplegua banatu eta horretarako akordioetara iritsiz eta  bestetik guztiontzat  oinarrizko errenta unibertsala ezartzea dira planteatzen dituen irtenbideak. Proposamen hauek eztabaidatzen hastea komeni da berandu baino lehen.


[1] Fantova, F (2014) “Retos actuales de las políticas sociales en España: una mirada desde el Tercer sector”. Texto base para un curso en la Escuela de Primavera 2014 de Cáritas Española.

[2] Subirats, J.(2014/02/06).El Pais en agertutako artikuluan.” ¿Sirven para algo las políticas de empleo juvenil?”.

[3] Apaolaza,U.(2015/07/05) ARGIAN agerturiko artikuluan. “Garapen komunitarioa enpresa ikuspegitik”
[4] Rifkin,J. (1996). “El fin del trabajo. Nuevas tecnologías contra puestos de trabajo:el nacimiento de una nueva era”. Paidós. Barcelona

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...