Europan II. Gerrate Mundialaren ondoren, langileria eta
kapitalaren arteko itunetik sorturiko ongizate
estatua krisian sartzen da 80. hamarkadan, enpleguak ekonomia errealean
pisua galtzen doan neurrian. Honen eraginak ongizate estatuaren lau pilaretan
pentsio, hezkuntza, osasun eta zerbitzu sozial sistemetan ezberdinak izan dira
herrialde eta egituraketa instituzionalaren arabera.
Enpleguaren galeraren aurrean Fernando
Fantovak botere publikotik bultzatu diren politika sozialei buruzko ideia
merkatuan[1]
dozena bat proposamen aipatzen ditu eta bakoitzak ideologia eta interes talde
ezberdinei erantzuten die. Big Society
bezalako planteamenduetatik hasi, inklusio aktiboa, oinarrizko errenta,
inbertsio sozialaren paradigma, pertsonatan oinarrituriko politika eta beste
batzuk aipatzen ditu.
Gure inguruko herrialdetan eta Europan
orokorrean, inklusio aktiboa ardatz
duten politikak dira nagusi,
enpleguan jartzen dutelarik azpimarra. Ikuspegi honentzat
enplegua eskaintzea baino politika sozial hoberik ez dago. Gure kasuan Lanbidek gestionatua da.
Enplegu politika aktiboen bultzatzaile eta eragilea nagusia da. Zentro
kolaboratzaile sare zabal baten bidez inplementatzen ditu lanerako
prestakuntza, orientazioa eta bitartekaritza ildo nagusiak. Momentu honetan
eskaintzen dituen laneratzeko formazio
programak oso homogeneoak eta arautuak dira.[2]
Bestetik Euskal Autonomia Elkartean (EAE)
baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonentzat RGIa dugu. Oinarrizko beharrak estaltzeko baliabide
ekonomikorik ez duten eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten
pertsonentzat jarritako diru sarrera da.
Enpleguaren munduan lan egiten duten eta gizarte
«ezberdin» baten garapenerako lanean dabiltzan beste agentetako bat ekonomia sozialeko erakundeak dira. Pertsona
ekonomiaren zutabe bihurtu nahi dute eta
bertan kooperatibak, gizarteratzeko eta
laneratzeko enpresak, gizarte
ekinbideko enplegu bereziko erakundeak eta abar luze bat daude. Hauen ekimenari ezker
lan munduan arazoak dituzten pertsona askok lanpostu duin bat aurkitu dute.
Egia da merkatuak bazterturiko kolektiboak gizarteratzeko politika publikoen ezintasunaren ondorioz sortu direla adibidez gizarteratze enpresak. Galdera zera izango litzateke, zein paper jokatu beharko luke ekonomia sozialak estatuaren atzerakadan?
Garapen komunitariotik abiatuta ekintzailetasun soziala dugu gizarteak eta ekonomiak planteatzen dituen
erronkei erantzuteko beste saiakera ezberdin bat da. Amalio Reyk dioen
bezala zuzeneko helburua enplegua lortzea izan ez arren aberastasun soziala sortzeko
kapaza da:
“Ekintzailetasun
sozialaren funtsezko helburua da jendarteak dituen arazoak konpontzea, ez dio
zuzenean erantzuten enplegu bat lortzeko beharrari”.[3]
Hala ere, ekimen guzti hauez gain datorkigun erronkari aurre egiteko gizarte zibilarekin kontratu sozial
berria adostea proposatzen du Rifkinek[4]. Alde
batetik enplegua banatu eta horretarako akordioetara iritsiz eta bestetik guztiontzat
oinarrizko errenta unibertsala ezartzea dira planteatzen dituen irtenbideak. Proposamen hauek
eztabaidatzen hastea komeni da berandu baino lehen.
[1] Fantova, F (2014) “Retos actuales de las políticas
sociales en España: una mirada desde el Tercer sector”. Texto base para un
curso en la Escuela de Primavera 2014 de Cáritas Española.
[2] Subirats, J.(2014/02/06).El Pais en agertutako
artikuluan.” ¿Sirven para algo las políticas de empleo juvenil?”.
[3] Apaolaza,U.(2015/07/05) ARGIAN agerturiko artikuluan.
“Garapen komunitarioa enpresa ikuspegitik”
[4] Rifkin,J. (1996). “El fin del trabajo. Nuevas
tecnologías contra puestos de trabajo:el nacimiento de una nueva era”. Paidós.
Barcelona
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina