2017(e)ko urriaren 24(a), asteartea

Diskurtsoaren zatiketa

Gaur egun politikarien mezuak pertsona bakoitzari egokituak daude. Non eta noren aurrean dauden aztertu ondoren esan beharrekoa egoera horretara egokitzen dute. Hori lortzeko estratega politikoek publikoaren segmentazioa egiten dute.

Teknologia berriek prozesu hau asko laguntzen dute. Geomarketina erreminta baliagarria bilakatu da komunikazio politikorako. Hautesleak non dauden eta zein ezaugarri dituzten ezagutzeko aukera eskaintzen die politikariei.


Irakurgaiak

-La realidad fragmentada. Tendencias del discurso mediático.
http://www.redalyc.org/pdf/297/29719345001.pdf
-Segmentación política estratégica en la era de internet. La revista Acop. mayo 2017.
https://compolitica.com/wp-content/uploads/Nu%CC%81m.16_Eta.2_La_revista_de_ACOP_Mayo2017.pdf

- Sennett, R (1978). El declive del hombre público. Barcelona. Península. 

- Macintyre, A (2001). Tras la virtud. Barcelona. Crítica.

 -Lipovetsky, G. (2005). El crepúsculo del deber. La ética indolora de los nuevos tiempos democrático. Barcelona. Anagrama.





2017(e)ko urriaren 17(a), asteartea

Interneta eta kapital soziala

Robert Putnamen "Bolatokian bakarrik" (Bowling_Alone) liburuan kapital sozialaren murrizketari buruz hitz egiten digu. Kapital soziala konfiantzan eta leialtasunean oinarrituriko erlazioak dira eta hauek berarekin pertsonen arteko elkarlaguntza bultzatu izan dute arazoak gainditzeko.

Putnamek bi kapital sozial mota bereizten ditu: zubi kapitala eta lotura kapitala, bat biltzailea eta bestea gertutasunekoa. Lehena udal bateko batzar batera goazenean sorturikoa litzateke, non jatorri ezberdinetako pertsonak biltzen diren, arazo baten inguruan eztabaidatzeko. Bigarrena gertutasunekoa, gure ikaskide izandakoekin biltzerakoan sortzen den harremana izango litzateke. Azken hau pertsonak bere antzeko beste pertsona batzuekin sozializatzen direnean sortzen da, adin, erlijio, ikasketa edota arraza berdinekoekin. 

Internet zubi kapitala indartzeko aukera bezala ikusten genuen hasieran, guztiok auzokide bilakatuko gintuen plataforma. Baina ikusten gabiltzana da interneten gertutasunekotik gehiago duela biltzailetik baino. Gure bizitza errealean ditugun auzokideen antzekotasun handia dute gure mundu birtualeko auzokideak.

Gure antzera pentsatu edo bizi diren pertsonen profiletan sartzean edota gustuko dut klika egiten dugunean, gure ingurunea definitzen ari gara eta beste erlazio aukera batzuk baztertzen. Honela, hurrengo bilaketa edota kontaktuak aurkitzerako orduan aurretik egindako aukeraketak baldintzatuak izango dira.

Egiten ditugun bilaketak filtroen eraginpean daude eta pertsonalizazio batera garamatzate non bilatzaileak ez du neutralki jokatzen egingo dituen bilaketetan. Guzti honek kiribil baten sartzen gaitu eta gertutasuneko kontaktuetara eramaten gaitu. Gure eremuak ireki beharrean itxitura baten sartzen gaitu eta betiko bidezidorrak zapaltzera garamatza, honek dakarren muga eta dibertsitate faltarekin.



Resultado de imagen de el filtro burbuja


2017(e)ko irailaren 18(a), astelehena

Lasaitasuna iritsi da

Lasaitasuna iritsi da gurera, azken urtebete hau nahiko aldapatsua eta amaigabea izan den irudipena daukat, amets gaizto batetik esnatu banintz bezala sentitzen naiz. Zergatik? Ba ez dakit, askotan amets gaiztoen arrazoiei buruz galdetzen hasten gara baina ez dugu arrazoirik aurkitzen. Zurrunbilo kaotiko baten sartzen gara eta irtenbidea bilatu ezinik, zorabiatu eta blai eginda esnatzen gara.

Niretzat bizitzako beste aro berri bat hasten delakoan nago. Inguruari begira aukera berriak ikusten eta atzematen hasi naiz, horrek suposatzen duen aldaketekin eta erronkekin. Gogotsu nago eta ilusioz beterik. Adinean aurrera goaz eta hausnarketa guneak bilatu eta arnasa hartzeko guneak ere bilatzen ditut noizbehinka eta geldialdi hau horixe izan da.

Erronka handirik ez diot jartzen nire buruari, nire ekimen eta lanarekin pozik bizi ahal izatea. Inguruan ditudan pertsonekin ere lasai eta orekan bizi eta ahal dudan neurrian guzti hori osotasun batean barneratu.

Egunerokotasunean gozatu eta  guzti hori aldamenekoei garraiatu ahal den hobekien. Gaur ere horretan saiatu naiz. Horren adierazletako bat idazten hasi naizen testu hau. Ba da denbora ezer idatzi gabe neukala eta gaur berriz idazten dudan bitartean poztasuna sentitzen dut. Amets gaizto horretatik irtenda orain berriz nabil nire barneko pentsamenduak kaleratzen eta espresio bide gisa hartzen dut.

Gure burua askotan gure kartzela bihurtzen da eta ezin irtenda ibiltzen gara atea irekita ikusi arren, guzti horrek estutasun eta arnas estua senti araziz. Etxean egon edota kalean ibili estu eta loturik bezala sentituz. Arnasa sakon hartzeko orduan ere ezin, eta horrek egonezina eta urduritasuna dakar berarekin.

Baina eguzkia laino artetik irteten den bezala, eguna ere badator gau luze baten ondoren, eta lehen argi izpiek aurpegiko atalak gozotasunez laztantzen ditu, lasaitasuna gorputzean garraiatuz.


2017(e)ko apirilaren 6(a), osteguna

Nortasunaren herdoiltzea

Richard Sennetten "La corrosión del caracter" liburuan  adierazten den bezalaxe nire izaera ere kapitalismoaren ondorioz herdoildu dela esango nuke. Pentsamendu enpresarialak edota kreatibitate suntsitzaileak Shumpeterren hitzetan, axolagabe eta zabarki egiten diren aldaketen ondorioen aurrean eroso sentituko diren  pertsonak behar ditu.

Epe luzerako ezer ez dagoen honetan konfiantzan oinarria duten hartu emanak desegiten ditu eta borondatea portaeratik bereizten du. Ziurgabetasuna zerbait ohikoa da gaurko munduan.

Niretzat errutina bizitzan inportantea da eta lasaitasuna ematen dit. Lanean errutina berdinak izatea ere ez dit axola. Malgutasuna ere gogoko dut, baina ez pertsonak makurtzeko erabiltzen dena. Malgutasunak askatasun baldintzak sortu beharrean botere eta kontrola izateko egitura berriak sortzen ditu. Adibidez etxean lana egiteko askatasuna duzu baina epe barruan, logika metrikoa ordularitik ordenagailuko pantailara igaro da. Malgutasunak ez gaitu murrizketetatik askatu eta are gutxiago ni bezalako langile xumeak.





 





2016(e)ko uztailaren 8(a), ostirala

Langileen parte hartzea enpresan

Azkenengo sei hilabete hauetan nire masterreko proiektuan bueltaka ibili dudan gaia izan da langileen parte hartzea enpresan. Parte hartzea zer da? Eta enpresa parte hartzailea? Buruan bueltaka ibili ditudan bi galdera potolo izan dira.

Parte hartzea modan dagoen terminoa dugu XXI. mende honetan enpresa munduan. Pertsonaren garrantzia aipatu nahi duen terminoa da eta pertsona bere osotasunean kontutan hartu nahi duena. Protagonismoa pertsonari eman nahi zaio eta horretarako bere partaidetza ezinbesteko baldintza bilakatzen da. Baina zergatik aldaketa hori? Ezagutzaren gizarte deituriko honetan pertsonen ezagutza beharrezko elementu bilakatu da merkatuan lehiakor izateko. Ikuspegi instrumentala agertzen da parte hartze kontzeptuaren atzean.

Badira hala ere gure inguruan izaera instrumental hori alde batera utzita esperientzia parte hartzaileak ekonomia munduan eta horietako batzuk ekonomia sozialean oinarriturikoak. Komunitatean integraturik langilea, ekoizpen prozesuak eta gizartearen behar sozialak integratzen dituztenak ekonomikoki bideragarriak izanik. Horiek ezagutzeko aukera izan dut Berrekin berregin programaren bitartez.

Nik aztertu dudan kasua, Azkue enpresa, ez da horrelakoa eta sentitzen dut horrela katalogatzea. Hasierako prozesua langileek  krisian zegoen enpresa baten birsortzetik zetorren eta enpresa parte hartzaile bat izateko hazi guztiak zituen. Loratzerik ez du izan tamalez eta kanpoko kapitalak enpresa parte hartzaile baten sustraiak ezabatu ditu.

Enpresa parte hartzailearen ezaugarrien artean ondorengoak aipatuko nituzke: proiektua partekatua izatea helburuak partekatuz, langilea  bere lanaren jabe izatea eta horrela sentitzea, enpresaren jabetza langileen artean banatuta egotea, misio konpartitu bat izatea, gestioaren berri izatea eta gardentasuna ikur bihurtzea. Guzti honek langileari eskatzen zaion erantzukizun mailarekin erlazio zuzena izango du. Konfiantzan oinarrituriko erlazioak garatzea izango da beste ezaugarrietako bat eta honekin batera pertsonaren garapen pertsonala enpresan egiten duen lanarekin garatzeko aukera izatea. 

Hitzak eta kontzeptuak samurki erabiltzen ditugu baina eguneroko martxara eramatea sekulako erronka da eta bidean enpresa askok porrot egiten dute eta horietako bat nik aztertu dudan Azkue enpresa izan da.



2016(e)ko maiatzaren 18(a), asteazkena

Kapital soziala eta gizarte berrikuntza




Kapital soziala berrikuntza sozialerako humusa da. Gizarte baten dagoen kapital soziala konfiantza mailarekin neurtu dezaket, adibidez politikan politikoekiko dagoen konfiantza maila neurtuta.  Kapital soziala pertsonen arteko erlazioetan sortzen den baliabidea da. Kapitala  balorea duelako da eta soziala erlazioen ondorioa delako. Gizartearen baliabide sozial bat da, onurak dakartzana.
Kapital sozialaren ezaugarrien artean daude: kontrol soziala, konfiantzaren sorrera, lankidetza koordinatua, konfliktoen soluzioa, baliabide komunitarioen mobilizazio eta gestioa, talde lanerako egitura eta esparruen sorrera eta liderren eta zuzendarien legitimazioa.
Bestalde bi dira kapital sozialaren iturri kulturalak.  Lehena identitarioa, hau da gizabanakoak sozializazio prozesuan barneraturiko arau eta baloreek beraiekin dakartzaten jarrerak eta portaerak eta bigarrena instrumentala gizabanakoentzat onura dakar.
Zertan gauzatzen da kapital soziala?
-Kapital sozialak giza erlazioen kalitatea eta intentsitatea areagotzen du.
-Erakundeek sortzen duten kapital soziala batzuetan konfiantzan bistaratzen da, beste batzuetan lidergoan edo iniziatiban eta abar.
Sareak garatzeko errekurtso klabea da eta baita gizarte berrikuntzaren garapenerako ere. Sarea lehen komunitatearen erantzukizuna zena orain estatuarena bilakatu da.
Kapital soziala oinarri ona da gizarte berrikuntzarako, interakziorako oinarria ere bada eta eraldatzailea, pertsona ezberdinekin irtenbideak partekatzeko aukera eskaintzen digu. Gaia aztertu duten autoreen artean Robert Putman, Pierre Bourdieu, James Coleman edota Fukuyama ditugu.
Gizarte berrikuntzaren (GB) definizioetako bat hau izan daiteke: aktore eta baliabide sare baten bitartez, bete gabeko behar sozial bati baino gehiagori loturiko arazo konplexuei irtenbidea emateko ideia sortzaile, ezagutza, balore eta metodoen artikulazio praktikoa, tokian tokiko erantzuna emanez.
GB fenomeno kolektiboa da, errutinak sozialak aldatzen dituena eta erlazioak sortzen dituena eraldaketaren bitartez. GBren azken helburua eraldaketa soziala sortzea da eta honekin batera erlazio sozial edo lankidetza berriak sortzea, berrikuntza bai helburu zein baliabidetan ematen delarik.
Gizarte berrikuntza inklusio esklusio dinamika da, esklusiotik inklusiora pasatzea da. Adibide bat izan daiteke GORATUk aurrera eramandako iniziatiba.
Bi kontzeptu hauek gizarte konplexuaren ezaugarriekin batera ( aldaketa azkarrak, ekonomiaren globalizazioa, sakoneko eraldaketa kulturalak, egitura publikoetan aldaketak, merkatuaren eraldaketa, estetikaren lehentasuna, kapital sozialaren murrizketa, errealitatea sozialki eraikitzeko era berriak eta abar,..) azaldu ditu eta kapital soziala nola indartu daitekeen aipatu digu, bai ezagutza zein konfiantza handituz eta sareak egituratuz.
Bukatzeko kapital soziala zenbat eta handiagoa izan komunitatearen oinarria era handiago da eta hau krisi egoeratan babes ona da gutiontzat.




2016(e)ko apirilaren 3(a), igandea

Erantzukizun pertsonala eta kontratu neoliberalaren artean



XXI. mendearen hasiera honetan gure ingurune hurbilenean gertatzen diren aldaketa azkarren eta sakonen aurrean elementu iraunkor gutxi gelditzen zaizkigu erreferentzia gisa hartzeko. Lana izan da horietako bat pertsona askorentzat azkeneko mende honetan zehar. Gizarte industrial aurreratuak enpleguaren gizarte izan dira. Enpleguak ematen zigun identitate bat eta bizitza proiektu bat aurrera eramateko bidea.( Bauman,  2002). Orain berriz pertsona askorentzat hori apurtu da.

Langileak eta gizarteak orokorrean aldaketa hauek sakonean lan harremanetan eta ibilbide pertsonaletan eragina izango dutela badakite eta arriskua barneratu dute. Gaurko egoerak pertsona askoren bizitza baldintzatu du. Richard Sennettek (2000) dioen bezala “Las nuevas condiciones del mercado obligan a un gran número de personas a asumir riesgos muy pesados aunque los jugadores saben que las posibilidades de recompensa son escasas”(92. orri).

Langabeziaren arazoa ez da klase edo talde konkretu bati egokitzen zaion arazoa, gaur egun edozein izan daiteke langabezian. Enpresetan ematen diren pertsonalaren murrizketak edota itxierak edozein kategoriatako langilea ukitu dezake.

Erantzukizun pertsonala da gure errealitateak nagusitzen duen leloa, hau da pertsona bakoitzak izan behar du norberaren ongizatearen erantzule. Merkatua da politika sozialik onena eta laguntza karitatetik etorri behar du, solidaritate instituzionala alde batera utziaz. Kontratu sozial modernoa natura egoeratik irteteko eta hiritar bihurtzeko baliagarria zitzaigun bezala, gaur egungo kontratu neoliberalak bazterketa prozesuak areagotzen ditu eta gizartea beste egoera natural batetara darama non bertako partaide asko baztertuak diren (Zubero,2004).

Ekonomiaren malgutasunaren aurrean ziurgabetasun indibidual gero eta handiago bat sentitzen dugu. Komunitateak eta solidaritateak egin zituen ekarpenak joan den mendean alde batera utzi direla dirudi. Ongizate estatua izan zen horietako bat eta gure diskurtso indibidualistak norberak bere kabuz bizitza aurrera atera behar duela dio. Baina gauden lekuan bagaude beste batzuen laguntzari esker izan zela ez dezagun ahaztu.



-Bauman, Zygmunt (2002) Modernidad líquida. Argentina. Fondo de cultura económica


-Sennett, R.(2000). La corrosión del carácter. Anagrama. 

-Zubero,I.(2004).Trabajo y ciudadanía. En El trabajo en el siglo XXI: perspectiva de futuro. (111-127).Ararteko, Colección Jornadas sobre derechos humanos nº8. Gráficas Santamaria, S.A.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...