2020(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Kaiolatik kantuan

Udaberria gurean luze eta hotz pasatu da, pandemiak itxialdian egotera behartu gaitu. Kaiolako txoriak bezala eguzkiaren itzalpean kantu egin diogu udaberriari. Mokoa ondo zorrozteko denbora hartu dut itxialdian. Aitortu behar dut etxean hainbestean bizi garela, eta esaerak dioen bezala edozein txoriri eder bere habia.


Udarako koloreek eta beroak izarditan jartzen gaituzten bitartean, gure ingurua mugitzen hasten den bitartean, gure kaiola uzteko lehen pausuak egiten hasi gara. Kaiolako ateak zabalik ditugu baina ez gara urrutira joan. Gure inguruan ikusitakoak harritu gaitu, hala nola haurrak etxean, txakurrak kalean. Zer mundu da hau?

Apurka-apurka normaltasunera itzultzen ari gara, baina zein normaltasun? Anormaltasun zaharra da normaltasun berria. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola. Mundu irreal baten bizi naizen irudipena daukat, norabide gabeko munduan. 



2020(e)ko otsailaren 20(a), osteguna

Komunikazioan gardentasun ezak herritarren konfiantzaren desegitea ekarri du Zaldibarko krisian

 Azkenengo egun hauetan komunikabide ezberdinen bitartez jarraitu dut Zaldibarko zabortegian gertatutakoa. Komunikabide eta sare sozialetako lerro eta zutabeak irakurriaz zer gertatu den jakin izan dut, eta azkenean ondorio batera heldu naiz, herritarrok politikoengan genuen konfiantza eskasa birrinduta gelditu dela.

 Zaldibarko krisi honetan komunikazioak kale egin du eta gardentasun falta izan da akatsik handiena. Komunikazio gardenaren eta konfiantzaren arteko erlazioa zuzena da, zenbat eta komunikazio gardenagoa orduan eta sinesgarritasun handiagoa eta konfiantza handiagoa. Eta politikan enpresan bezala gardentasun ezak konfiantza eza dakar.

 Arazo honek gure gizartean  politikoenganako konfiantza falta areagotu besterik ez du egin, gaur egungo panoraman nahiko zaila da politikan aritzeko pertsona osoak aurkitzea eta horrelako gertaerak oraindik eta gehiago zailtzen dute.

 Kasu hau sakonki aztertu beharko genuke, berriz horrelakorik gertatu ez dadin. Herritarrok kontzientziatu behar dugu, eraikitzen ari garen gizarte eredu hau sostengaezina da. Administrazioaren aldetik kontrol eskasa egon da, zabortegian isurtzen ziren hondakinen inguruan. Enpresaren aldetik, dirua epe motzean irabazteko grina, eta horrek ondorio larriak utzi ditu, bi langile lurperatuak, eta ingurunea hondatua gelditu da. Guzti honen atzean zein interes dauden ere ezin dugu ahaztu, zaborra gaur egun negozio handi bat da eta horretan enpresa handiak dabiltza.



2020(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Non dago automobilik gabeko ingurunean bizi nahi dugunon eskubidea?

 Astean TAO sistemaren inguruan proposamenak egiteko txanda izan da Arrasateko pleno aretoan, eta bertan era guztietako iruzkin eta proposamenak izan dira. Nik bertan izateko aukerarik ez dut izan, baina Mondraberri atari digitalean galdera edo proposamenetako batzuk ikusi ahal izan ditut. Ez dut galdera eta proposamenen artean automobil gabeko Arrasate baten aldeko inoren iruzkinik entzun edo ikusi, eta ni hori aldarrikatzera nator.

 Herritar guztiok dugu kerik gabeko ingurunean bizitzeko eskubidea, eta espazio publikoan libreki ibiltzeko, jolasteko eta erlazionatzeko eskubidea. Arrasaten dagoen automobil dentsitatearen ondorioz ez dago libreki ibiltzeko gunerik, hala saldu nahi baldin badigute ere. Badira biztanleak, egunero automobilen kearen ondorioz beraien etxebizitzatako leihoak ireki ezin dituztenak, badira ere etxetik irten eta automobil bat atari aurrean aurkitzen dutenak, badira ere egunero kaleak zeharkatzerako orduan beldurrez dabiltzanak. Non dago espazio publikoan lasai ibiltzeko guztion eskubidea?

 Automobila gurean jaun eta jabe da eta gure espazio publiko guztiak kolonizatu ditu. Umetan kaleetan jolasten genuen, espazio libreak genituen gure jolasetarako, automobilen beldurrik gabe. Ordua da espazio horiek berreskuratzeko eta gure osasunaren alde egiteko. Kerik gabeko Arrasate baten aldarrikapena ikusi nahi nuke gure ordezkari politikoen aldetik, baina ez dut horrelakorik inon ikusi.


 Herritarren artean kontzientziazio lan handia egiteko daukagu automobila alde batera utzi eta mugitzeko beste garraio alternatiboak geureganatzeko, eta orain azkenengo 50 urte hauetan egin den alderantzizko bidea egin beharko dugu, denbora laburragoan, gure bizitza kalitatea benetan hobetu nahi badugu eta ingurunea berreskuratu.

2020(e)ko urtarrilaren 16(a), osteguna

Datuen merkatuan zer egin dezakegu?

 Gure gizartean datuak dira XXI. mendeko lehengaia eta lehengai hori ustiatzeko orduan korporazio handiek jokatzen duten rola garrantzizkoa da. Datu horiek erosi egin daitezke eta zerbitzu gisa eskainiak dira data brokersen bidez. Telefonica edo Vodafone bezalako konpainiak adibidez gure mugikorrei ezker informazio baliagarria lortzen dute eta merkatuan eskaini merkantzia gisa. Datu biltegi handiak korporazioen babesean daude. Mateo Valerok dionen bezala, korporazio edota enpresa horien esklabo bihurtzen gaituzte inolako gudarik irabazi gabe. Gure datuak enkantean ateratzen dituzte, eskaintzaile onenari saltzen dira klik bat egiten dugunerako. 

 Momentua iritsi da guk ere rol aktibo bat jokatzeko dataismoaren munduan. Gu gara sekuentzia numeriko baten sorburua eta beraz, guk ere merkatuan gure rola jokatu dezakegu. Gure txikitasun horretatik abiatuta, datuen munduan galtzeko arriskua ere badago. Horregatik kontzientzia hartu behar dugu elkarlanean eta beste batzuekin batera jarduteko. Japonian badira gaiaren inguruan kontzientzia hartuta datu bilketa egiten ari diren erakundeak, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz.

 Etorkizunean merkatuan datuak besterik ez dira mugituko, eta merkatu horretan enpresa kooperatiboak zer esan handia izan dezakete, datuen bilketa kolektiboa eta guztiontzat onuragarria izateko. Kooperatiba izango da Joseph Stiglitzen iritziz etorkizuneko enpresa eredua eta beraz modelo horretan oinarriturik, gure inguruan lanean hasi beharra daukagu. Gai honi buruz Julen Iturbe Ormaetxeak ere idazten du, eta bere iritziz hau izan daiteke kooperatibismoaren gaur egungo erronketako bat. Nik ere hala pentsatzen dut.



2020(e)ko urtarrilaren 15(a), asteazkena

Norantz ote doa lan mundua?

 Ez dago argi lan mundua nolakoa izango den etorkizunean. Plataforma digitalak bitartekaritza lanetan dabiltza, beraien zerbitzuak eskainiz gutako bakoitzak nahi duen eran lan egin dezan. Egia da, lan puntual batzuetarako lagungarriak izan daitezke, klase partikularrak eman ahal izateko bezeroak lortzeko edota afari baterako sukaldari edota zerbitzariak lortzeko eta abar.

 Gaur egun honi Gig ekonomia deitzen zaio. Momentu eta behar puntualetarako lan bat egiteko pertsona eta zerbitzu eskaintza. Lan hori gauzatzeko, guk jarriko ditugu behar diren baliabide guztiak eta beste aldetik plataforma digitalen bitartekaritza izango dugu. Gaztetan diru pixka bat irabazteko horrelako lanak egin izan ditugu, mandatari lanak, klase partikularrak ematen edota ume zain asteburu edo egun soltetan eta abar. Garai haietan ahoz ahozkoa zen komunikazioa eta ez zegoen plataforma digitalik.


Gig ekonomiaren defendatzaileen arrazoiketan dago besteak beste; guk nahi dugunean lan egin ahal izango dugu, lan erritmoak guk ezarriko ditugu eta horrek gure denboraren gestio egokiago bat egitea ahalbidetuko digu. Atzean dagoen mezua zera da: lan egin zeuk nahi duzunean, nahi beste eta zeuk erabakitzen duzunean. Polita dirudi lemak, baina benetan horrela al da?

 Nik esango nuke lan mota hauek orokorrean langileen lan baldintzen kaskartzea dakartela. Lehen lan batekin lortzen zen soldata orain bi edo hirukin lortu behar dugu, eta gainera gehiago lan eginda. Malgutasuna, askatasuna eta horrelako hitz potoloekin badirudi dena lortuta dagoela eta ezta gutxiagorik ere. Ordua da lan mota hauek legedira egokitzeko eta ganorazko lan baldintzak langile guztiengana heltzeko. Bestetik plataforma digitalen irabaziengan eragiteko legedi aldaketa egiteko garaia ere heldu da.

 Aipaturiko neurriak korporazio eta enpresa handi horien interesen aurkakoak dira, beraz ez da samurra izango politikari guztiak ados jartzea, korporazio horien interesak defendatzen dituzten politikariak ere ugariak direlako parlamentu eta gobernuetan.



2019(e)ko abenduaren 3(a), asteartea

Bakardadearekin solasean

  Gurera ere bisitari berria etorri da, inork gonbidatu ez duen bidelaguna. Isil isilik gerturatu da eta etxean sartu zenetik alde egiten ez duen bisitaria da. Espero ez dugun laguna da bakardadea, gure inguruan izan nahi ez duguna, baina gurean inolako baimenik gabe sartu dena.

  Goizean esnatzearekin bat topo egiten dugun laguna da. Ispilura begiratu eta ez dugu besterik ikusten, gure begiradak ez dute besterik atzematen. Gosaltzerako orduan beste katilu bat jartzen dugu gure bakardade den lagun hori ere gonbidatuz. Bakarrizketa elkarrizketa bihurtzen da eta betiko gaiak eta pentsamenduak datoz mahai gainera. 

  Eguna aurrera doan neurrian beste solaskide batzuk ere sartzen dira gure elkarrizketan, telebista edo irratiko solaskideak edota eguraldiko esataria. Baina bakardadea da gure etxean protagonista. Berak darama aurrera solasaldiaren gidoia.

  Ilunkara urreratu ahala, gurean bakardadearekin batera iluntasuna hurbiltzen da solasaldira. Koloreak ere badu bere protagonismoa etxean, kaleak argiztatzen doazen bitartean. Gaua gailentzen denean isiltasuna dator berriz, eta gure barruko solasaldiak amaitu eta oheratzen gara beste egun berri baten zain.



2019(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

Lan merkatuaren kontraesanak

 Zeintzuk dira gure lan merkatuaren erronka demografikoak gurean?
 -2030ean biztanleriaren %30ak 65 urte baino gehiago izango ditu.
 -Langile kualifikatu falta sumatzen hasi dira batez ere enpresa teknologiko eta industrialetan.
 -Langileen %40a ordezkatzeko fasean izango dira hurrengo hamarkadan.
 Nola mantendu ahal izango da okupazio gaur egungo mailan? Nola erantzun ahal izango zaio lan merkatuko beharrei?

 Bitartean zer gertatzen ari da lan merkatuan? Alde batetik langile beharra areagotzen doa eta bestetik lan baldintzak txartu egin dira. Lotsagarria da erakunde batzuk beraien langileekiko duten jarrera ustiatzailea. Baliabide bat gehiago balira erabiltzen dituzte, ez ordutegi finkorik ezta soldata duin bat eskaintzeko gai ez dira. Salagarria da berrogeita hamar urterekin pertsona bat langabezian gelditzen denean lan merkatutik kanpo gelditzea. Diskriminazio mota hau isilean ematen ari den errealitate bat da, eta hau jasaten ari diren pertsonak ez dute ez laguntzarik eta ez bistaratzerik. Berrogeita hamar urte edota gehiago dituen pertsona bat zergatik ez da baliagarri lanerako? Nork erabaki du hori?

  Gure lan kultura aldatu egin da eta lanak gizartean zuen balorea galtzen doa, legitimazio eta sozializazio tresna gisa. Enpleguaren kalitate maila ahultzen eta ziurgabetasuna handitzen joan den neurrian, lanarekiko atxikimendu eta leialtasun maila ere ahultzen joan da. Nire inguruan, berrogeitaka  urteren inguruan dabiltzan pertsonez inguraturik nago, lanarekiko ikuspegia ez da baikorra. Erretiro ordua noiz iritsiko zain kalkuluak ateratzen hasiak dira gehienak. Inork ez du lanean jarraitzeko asmorik hirurogei urte betetakoan, ahal badu edo zenbakiak horretarako aukera ematen badiote lanari utzi eta bizitzaz disfrutatzea dute helburu.

 Pertsonak falta dira lanerako eta langabezia tasa %10etik gorakoa da. Nola ulertzen da hori? Langile kualifikatuak behar dira eta hauek aurkitzea oso zaila omen da. Atzerrian daudenak galdezka daude ea noiz hobetuko diren lan baldintzak hemen. Bigarren mailako lan baldintzak ditugu. Zaintza arloan ere pertsonak falta dira. Hauek ere baldintza oso eskasetan lan egiten dute. 

 Kontraesan guzti hauek bestelako irtenbide bat eskatzen dute. Soldata eta lan baldintza duin batzuk izatea eskatzen dute, bai zaharren egoitzetako langileak, baita metalgintzako langileek eta beste kolektibo askok.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...