2021(e)ko ekainaren 7(a), astelehena

Orientazio mundutik haratago etapa berri bat irekitzen

 Pertsona batzuentzat jubilazioa noiz hartuko duten pentsatzeko garaia den bitartean beste batzuentzat proiektu profesional berriak hasteko momentuak dira.

Sei urte izan dira Mondragon Unibertsitatean lan orientatzaile lanetan, tartean komunikazio teknologiek eskaintzen dituzten aukerak azaltzen aritu naiz, Bergarako KZgunean eta Arrasateko udalean. Prestakuntza mailan berriz, berrikuntza sozialean masterra bukatzeko aukera izan dut eta HUHEZIk antolaturiko Berrekin Berregin programan parte hartu dut beste hainbat gazterekin batera. Beraz azkenengo bederatzi urte hauek  oparoak izan dira bai arlo profesionalean zein pertsonalean.

Orain berrikuntza sozialean oinarrituriko proiekturen baten murgiltzeko asmotan nago. Deia luzatzen dut parte hartu nahi duen beste norbait balego elkarrekin bide berria hau hasteko. Bakarrik ekitea latza izaten da eta horregatik deia luzatzen dizuet. Ez da erraza bide berrietatik bakarrik abiatzea, baina gogoa eta kemena borborka ditugunean aurrera egitea besterik ez zaigu gelditzen.

Urteek ematen duten esperientzia bidelagun harturik etapa berri hau jubilatu berriak bezala pozez bizitzera noa.

2021(e)ko martxoaren 8(a), astelehena

Martxoak 8

 Martxoak 8 emakumeen eguna, aldarrikapen eguna. Konsuelo, amaren alde aldarrikatu nahi dut, bizitza guztia  ama, langile, zaintzaile lanetan aritu dena eta orain zaintza behar duen pertsona. 86 urte betetzeko eta beti familiakoak, lagunak, ondokoak nola dauden galdetzen duen emakumea. 

Familia izan da bere ardatz nagusia eta orain inguruan gaituenak laguntzeko prest egon behar dugu, oroimena ahultzen doan honetan, zein egunetan bizi den ez dakienean, ingurukoen laguntza da bere heldulekua. Eguneroko deia, nola lo egin duen, ondoren zein plan dituen, oraindik eguna antolatzeko gai da bere kabuz. Goizean jaiki eta gosaldu eta gero etxeko lanetan murgiltzen da, ondoren erosketak egitera joaten da ia egunero, eta eguerdi alderako etxera bueltatzen da. Bazkaldu eta lo kuluxka, ondoren lagunekin pasiera bat eta zerbait hartzen dute gozotegian. Iluntze aldera etxera afaltzera doa eta ondoren telebista ikusi eta ohera. Lo askorik ez du egiten gauez baina bere orduak sartzen ditu ohean. 

Urkizu baserrian jaioa eta hamalau urtetatik lanean, lehendabizi Bergaran eta udaratan Deban, hotelean zerbitzari lanetan. Donostiako hainbat jatetxetan ere zerbitzari lanetan ibilia ezkondu zen arte. Etxetik kanpo lan egiteko prest eta kooperatiban sartzeko eskaera egin zuen, baina ez zuten kontutan hartu, beraz ume zaintzaile lanetan aritu zen. Etxean lan egiteaz gain kanpoan ere ibili zen, senarra Bixente kooperatiban ibili zen bitartean. Biak jubilatu ziren batera, amak aitari esan zion, zu jubilatu zara eta ni ere jubilatzera noa. Hala ere aitak ez zuen inoiz etxeko lanik burutu, beraz ama ez zen inoiz jubilatu.

Ama alargundu zen eta bere inguruko anai arrebak desagertzen joan dira, horrek bere eremu soziala asko mugatu du, lagun minak ahizpak izan zituen. Mantentzen ditu bi, hiru lagun eta hauekin joaten da paseoan arratsaldero. Aurretik semearen bisita jasotzen du egunero, nola dagoen eta zerbait behar duen galdetzen dio. Esker oneko emakumea, inoiz ez du hitz bat bestearen gainetik esan, ezta aurpegi txar bat izan ondokoarentzat. Eskolan urte gutxiegi eman zituen eta hala ere seme alaberi bere lanari ezker ikasteko aukera eman zigun unibertsitateko ikasketak bukatu arte.

Konsuelok, amak badaki emakumeen egunak zer esan nahi duen, berak ere egitura matxisten ondorioak pairatu behar izan dituelako, bai etxean eta baita lanean ere. Etxean etxeko lanen banaketan guztion parte hartze eskasagatik, ama zen etxeko langilea, seme alabak zerbaitetan laguntzen genuen baina berak zeraman etxeko karga nagusia.

Kanpoko lana eramateaz gain ortuan ere ibiltzen zen larunbatetan aitarekin batera, gure bizitzan ama izan da motorra, eta bera da gure babesle eta inspirazioa. Aita etxean gutxi egoten zen, gauean afal orduan baina bestela ez genuen bere laguntzarik.

Gauza berririk ez dut esan orain arte, baina seme alabak kontziente gara egoera irauli dela eta orain gure etxeetan ez dela gurean bizi izan genuen egoera bera. Hobera joan da dena, orain gurean etxeko lanen banaketa berdintasunean oinarritzen da. Hala ere lan arloan eta beste arlo askotan bide luzea egiteko dago. 

Eskerrik asko ama eman eta erakutsi diguzun guztiagatik.

2020(e)ko urriaren 27(a), asteartea

Ez gaitezen etxean gelditu

 Zortzi hilabete daramatzagu covid gaitzaren ondorioak pairatzen, bai fisikoak eta psikologikoak. Gaur etxekoei deitu diet eta beldurtuta erantzun dit amak, berriz lehengo egoerara itzuliko ote garen galdetuz. Denok ditugu inguruan bakarrik bizi diren pertsonak, eta beraientzat bereziki bizi dugun egoera ez da batere samurra. Sentimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko momentuak behar izaten ditugu, eta bakarrik egonda inguruan inor entzun eta erantzuteko ez dagoenean, gure tristura eta bakardadea areagotu egiten dira.

Bakardadea edo isolamendua gailentzeko, norbait gutaz gogoratzen den sentimendua indartu behar dugu. Idatzi, deitu, komunikatu edota beste ekintza interaktibo batzuk indartzeko momentua iritzi da berriz.

Zentsua eman behar diogu gure egoteari, norbait gure zain dagoela sentitu behar dugu, ez dago beste erremediorik. Bizi garela eta zerbait esateko eta egiteko dugun sentimendua geureganatu behar dugu. Bakardade sentimendua gugan gailentzen doan neurrian barrurako begirada gailentzen da.

Ez da erraza bakardade sentimendua alboratzea gure barruak kanpoko argia ikusten ez duenean. Argi bakarra gure gelako bonbillarena denean eta gainera zuri kolorekoa, ospitaletako gelatan aurkitzen dugun bezalakoa. Nora begiratu ez dakigunean, gure begirada paretako puntu baten fijo gelditzen denean. Soinurik entzuten ez dugunean, gure ahots hotz eta moztua besterik entzuten ez dugunean. 

Esan diezaiogun gure gertukoenari zer sentitzen dugun eta berarekin egoteko beharra dugula. Pentsatu eta asmatu dezagun gure aldamenean bizi den pertsonak zein behar izan ditzaken, eta gerturatu gaitezen berarengana. Txirrina jo eta galdetu diezaiogun zerbait behar ote duen. Zabaldu ditzagun ateak, soinuak usainak eta bestelako sentsazioak konpartitu ditzagun.

Ez gaitezen gure etxeetan itxirik gelditu, ahal den neurrian irten dezagun kalera eta eguneroko gure eginkizunak, erosketak, paseoa, txoriei jaten eman eta beste eginkizun batzuk egin ditzagun.


2020(e)ko ekainaren 16(a), asteartea

Kaiolatik kantuan

Udaberria gurean luze eta hotz pasatu da, pandemiak itxialdian egotera behartu gaitu. Kaiolako txoriak bezala eguzkiaren itzalpean kantu egin diogu udaberriari. Mokoa ondo zorrozteko denbora hartu dut itxialdian. Aitortu behar dut etxean hainbestean bizi garela, eta esaerak dioen bezala edozein txoriri eder bere habia.


Udarako koloreek eta beroak izarditan jartzen gaituzten bitartean, gure ingurua mugitzen hasten den bitartean, gure kaiola uzteko lehen pausuak egiten hasi gara. Kaiolako ateak zabalik ditugu baina ez gara urrutira joan. Gure inguruan ikusitakoak harritu gaitu, hala nola haurrak etxean, txakurrak kalean. Zer mundu da hau?

Apurka-apurka normaltasunera itzultzen ari gara, baina zein normaltasun? Anormaltasun zaharra da normaltasun berria. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola. Mundu irreal baten bizi naizen irudipena daukat, norabide gabeko munduan. 



2020(e)ko otsailaren 20(a), osteguna

Komunikazioan gardentasun ezak herritarren konfiantzaren desegitea ekarri du Zaldibarko krisian

 Azkenengo egun hauetan komunikabide ezberdinen bitartez jarraitu dut Zaldibarko zabortegian gertatutakoa. Komunikabide eta sare sozialetako lerro eta zutabeak irakurriaz zer gertatu den jakin izan dut, eta azkenean ondorio batera heldu naiz, herritarrok politikoengan genuen konfiantza eskasa birrinduta gelditu dela.

 Zaldibarko krisi honetan komunikazioak kale egin du eta gardentasun falta izan da akatsik handiena. Komunikazio gardenaren eta konfiantzaren arteko erlazioa zuzena da, zenbat eta komunikazio gardenagoa orduan eta sinesgarritasun handiagoa eta konfiantza handiagoa. Eta politikan enpresan bezala gardentasun ezak konfiantza eza dakar.

 Arazo honek gure gizartean  politikoenganako konfiantza falta areagotu besterik ez du egin, gaur egungo panoraman nahiko zaila da politikan aritzeko pertsona osoak aurkitzea eta horrelako gertaerak oraindik eta gehiago zailtzen dute.

 Kasu hau sakonki aztertu beharko genuke, berriz horrelakorik gertatu ez dadin. Herritarrok kontzientziatu behar dugu, eraikitzen ari garen gizarte eredu hau sostengaezina da. Administrazioaren aldetik kontrol eskasa egon da, zabortegian isurtzen ziren hondakinen inguruan. Enpresaren aldetik, dirua epe motzean irabazteko grina, eta horrek ondorio larriak utzi ditu, bi langile lurperatuak, eta ingurunea hondatua gelditu da. Guzti honen atzean zein interes dauden ere ezin dugu ahaztu, zaborra gaur egun negozio handi bat da eta horretan enpresa handiak dabiltza.



2020(e)ko urtarrilaren 18(a), larunbata

Non dago automobilik gabeko ingurunean bizi nahi dugunon eskubidea?

 Astean TAO sistemaren inguruan proposamenak egiteko txanda izan da Arrasateko pleno aretoan, eta bertan era guztietako iruzkin eta proposamenak izan dira. Nik bertan izateko aukerarik ez dut izan, baina Mondraberri atari digitalean galdera edo proposamenetako batzuk ikusi ahal izan ditut. Ez dut galdera eta proposamenen artean automobil gabeko Arrasate baten aldeko inoren iruzkinik entzun edo ikusi, eta ni hori aldarrikatzera nator.

 Herritar guztiok dugu kerik gabeko ingurunean bizitzeko eskubidea, eta espazio publikoan libreki ibiltzeko, jolasteko eta erlazionatzeko eskubidea. Arrasaten dagoen automobil dentsitatearen ondorioz ez dago libreki ibiltzeko gunerik, hala saldu nahi baldin badigute ere. Badira biztanleak, egunero automobilen kearen ondorioz beraien etxebizitzatako leihoak ireki ezin dituztenak, badira ere etxetik irten eta automobil bat atari aurrean aurkitzen dutenak, badira ere egunero kaleak zeharkatzerako orduan beldurrez dabiltzanak. Non dago espazio publikoan lasai ibiltzeko guztion eskubidea?

 Automobila gurean jaun eta jabe da eta gure espazio publiko guztiak kolonizatu ditu. Umetan kaleetan jolasten genuen, espazio libreak genituen gure jolasetarako, automobilen beldurrik gabe. Ordua da espazio horiek berreskuratzeko eta gure osasunaren alde egiteko. Kerik gabeko Arrasate baten aldarrikapena ikusi nahi nuke gure ordezkari politikoen aldetik, baina ez dut horrelakorik inon ikusi.


 Herritarren artean kontzientziazio lan handia egiteko daukagu automobila alde batera utzi eta mugitzeko beste garraio alternatiboak geureganatzeko, eta orain azkenengo 50 urte hauetan egin den alderantzizko bidea egin beharko dugu, denbora laburragoan, gure bizitza kalitatea benetan hobetu nahi badugu eta ingurunea berreskuratu.

2020(e)ko urtarrilaren 16(a), osteguna

Datuen merkatuan zer egin dezakegu?

 Gure gizartean datuak dira XXI. mendeko lehengaia eta lehengai hori ustiatzeko orduan korporazio handiek jokatzen duten rola garrantzizkoa da. Datu horiek erosi egin daitezke eta zerbitzu gisa eskainiak dira data brokersen bidez. Telefonica edo Vodafone bezalako konpainiak adibidez gure mugikorrei ezker informazio baliagarria lortzen dute eta merkatuan eskaini merkantzia gisa. Datu biltegi handiak korporazioen babesean daude. Mateo Valerok dionen bezala, korporazio edota enpresa horien esklabo bihurtzen gaituzte inolako gudarik irabazi gabe. Gure datuak enkantean ateratzen dituzte, eskaintzaile onenari saltzen dira klik bat egiten dugunerako. 

 Momentua iritsi da guk ere rol aktibo bat jokatzeko dataismoaren munduan. Gu gara sekuentzia numeriko baten sorburua eta beraz, guk ere merkatuan gure rola jokatu dezakegu. Gure txikitasun horretatik abiatuta, datuen munduan galtzeko arriskua ere badago. Horregatik kontzientzia hartu behar dugu elkarlanean eta beste batzuekin batera jarduteko. Japonian badira gaiaren inguruan kontzientzia hartuta datu bilketa egiten ari diren erakundeak, pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko asmoz.

 Etorkizunean merkatuan datuak besterik ez dira mugituko, eta merkatu horretan enpresa kooperatiboak zer esan handia izan dezakete, datuen bilketa kolektiboa eta guztiontzat onuragarria izateko. Kooperatiba izango da Joseph Stiglitzen iritziz etorkizuneko enpresa eredua eta beraz modelo horretan oinarriturik, gure inguruan lanean hasi beharra daukagu. Gai honi buruz Julen Iturbe Ormaetxeak ere idazten du, eta bere iritziz hau izan daiteke kooperatibismoaren gaur egungo erronketako bat. Nik ere hala pentsatzen dut.



Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...