2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

Hau da marka hau!




Kontsumismoaren kultura da gure kultura globalaren kapatako bat. Globalizazioa eta norbanakook erlazionatzeko eratako bat kontsumismoaren hedapena da. Produktu edo zerbitzu bati marka baten izena ematea da erlazio horren adierazpen garrantzitsuenetarikoa. (Castells, 2009).

Marka inork aipatzen ez duen produktu edo zerbitzu bati buruzko ideia edo kontzepzioa da. Enpresa, erakunde eta pertsonentzat identitatearen eraketa instrumentala da eta horretarako estrategia ezberdinak dituzte.

Markari buruzko definizio eta kontzepzio ezberdinetatik haratago, marka erlazio bat eratzeko modu bat da. Gure kulturan ideiak merkantzia dira. Virginek adibidez 20-30 urteko pertsona indibidualista, ez konformista, managaitz batekin konektatu nahi du,  beraien mezuetan ideia hori igorriz. Demokrazia eta iraultza bezalako ideiak publizitatearen edukiaren parte dira.

Marken erronka nagusiena giza interakzioan sorturiko testuingurua ulertzea da, gizartea azken finean, hartu eman ahal den eta iraunkorrenak lortzeko. Markaren helburua kalitatezkoa eta bizia izango den interakzioa lortzea da honela  produktu eta zerbitzuekiko zintsotasuna izan dezagun gure kontsumoa gauzatzeko orduan.

Markek emozioen munduan eta identitate pertsonalaren osaketan parte hartu nahi dute,  bi elementu horiekin elkar eragingo duten testuinguruak sortuz eta eraikiaz. Pertsonaren behar emozionalak dira marken abiapuntua. Alde batetik pertsonalitateari esanahia emanez, hau da pertsonak bere buruaz duen kontzeptua osatuz eta bestetik emozioen testuinguru bat sortuz. Pertsonen esperientzietan parte izango dira markak. Beldurra, arriskua, poza bizi ditugunean gurekin batera izango dira markak.

Marken bigarren abiapuntua interakzioan sorturiko esanahiak eta sinboloak instituzionalizatzea izango da kultura propio bat sortuz eta hauek erreferentziazko ikonoak bihurtuz beste pertsona edo komunitateentzat. Hegemonia lortzea izango da marken azken helburua kontsumoko gizarte kapitalistan, beraien produktu eta zerbitzuak kontsumitzeko.

Nola deskonektatu? Hori da gure buruari egiten diogun galdera. Gure bizitzako edozein alorretan sartzen dira markak. Kontsumitzaile izatetik haratago  pertsonak, hiritarrak ere bagara eta gure espazioak behar ditugu. Espazio publikoak berreskuratu eta gure askatasuna aldarrikatuko duten komunitateak sortu eta eraikitzen joan behar dugu. Kontsumo alorrean autokontsumoko komunitateak sortuz, aisialdian pertsonen garapen integrala dakarten ekintzak burutuz eta monetarizaziotik aldenduz.

Gakoa egunero kontsumitzen dugunaren kontzientzia hartzea da eta geure buruari benetan zoriontsu bizitzeko zer behar dugun galdetzea da. Baina galdera horri erantzuteko gure zerebroa reseteatu behar dugu. Jasotzen ditugun mezu guztiak gure arlo emozionala baldintzatuta bait dute eta hori erabakiak hartzeko orduan determinatzailea da.

2015(e)ko maiatzaren 6(a), asteazkena

New Yorkeko metroko ibilbideen eta bertako erabiltzaileen errenta mailaren arteko erlazioa.

Hiri baten dauden ezberdintasun ekonomiko eta sozialak nolakoak diren azaleratzeko era ezberdinak daude. New Yorkeko metro geltoki bakoitzean sartzen diren pertsonen errenta maila adierazten da ondorengo mapan.
 
 
Metroa
 
Mapa interaktibo hauek baliabide baliagarriak dira aldagai soziodemografikoak azaltzeko eta hiriaren erradiografia bat izateko.

2015(e)ko urtarrilaren 27(a), asteartea

Posible al da enpresa demokratikoagoak eratzea?

Enpresen DNAn irabazi asmoa dago, irabazi beharra eta beti aurrean egon beharra dago. Baina kontraesan baten ere bizi dira enpresak erakunde gisa, erakunde ekonomiko bat izateaz gain erakunde sozialak ere badira. Pertsonek eta hauek eragiten dituzten interakzio sozialek enpresen etorkizuna baldintzatzen dute gaur egungo ezagutzaren gizartean.

Daniel Innerarityren iritsiz ezagutzaren gizartea baliabide materialengatik baino ezagutzarekin, zentsu zabalenean harturik, zer ikusia duten,  trebetasun eta abileziengatik lehiatzen duen gizartea da, eta hor pertsonen arteko interakzioan sortzen den ezagutzak balioa hartzen du.

Beraz, erakundeak interakzio sozialean modu positiboan eragiteko mekanismoak eratu beharrean aurkitzen dira aurrera egin nahi baldin badute. Demokrazia eta guztion parte hartzea inoiz baino beharrezkoagoak bihurtzen dira ezagutzaren gizartean baldintza onenetan lehiatu ahal izateko. Kultura aldaketa beharrezkoa da, enpresa demokratikoagoak eta jasangarriagoak eratu ahal izateko.





 

2015(e)ko urtarrilaren 22(a), osteguna

Kapital soziala eta berrikuntza soziala

Kapital soziala berrikuntza sozialerako humusa da. Gizarte baten dagoen kapital soziala konfiantza mailarekin neurtu dezaket, adibidez politika mailan politikoekiko konfiantza mailan edo baita arauen azterketekin. 

Putnamek bi kapital sozial mota bereizten ditu: loturako kapitala eta zubi kapitala. Lehena pertsona bere antzeko beste pertsona batzurekin sozializatzen denean sortzen da, adin, erlijio edota arraza berdinekoekin. Baina herrialde baten, estatu baten bakean bizitzeko beste era bateko kapitala sortu behar da, zubi kapitala deiturikoa. Zubi lana egiten duen kapitala, kultura ezberdineko edota erlijio ezberdinen arteko pertsonen arteko erlazioa dagoenean sortzen dena da. Kapital mota biak dituen gizarteak kapital sozial aberatsa izango du, bien arteko erlazioa aberasten doan neurrian.


Gure gizartean, Euskal Herrian, kapital soziala ahulduz joan dela esango nuke. Gure komunitatean, gure enpresetan, norberaren kapital soziala nola dago?






2015(e)ko urtarrilaren 21(a), asteazkena

Nolakoa da gure gizartea?

Gizartea konplexua da gurea, kontsumoko gizartea deitzen diote batzuk, gizarte post-materialista ere deitzen diote beste batzuk, gizarte postindustriala edota gizarte likidoa. Hainbat deitura baina ezaugarri komun batekin, informazioaren abiadurak denbora eta espazioaren kontzeptuetan ekarri duen aldaketa. Guztiak konplexutasun estruktural bat dakar berarekin.

Merkatuaren logikak bizitza sozialean aldaketak ekarri ditu, arrazionalitate emozionalak arrazionalitate ekonomikoa gainditu du, barne eraginak aurreko erabaki funtzionalak alde batera utzi ditu. Identitate indibidualaren bilaketa bihurtu da gaurko gizartearen ikono nagusi. Indibidualizazioak ideia eta kontzeptuak pertsonalizatzera eraman gaitu. Alderdi politikoek ideiak saltzen dizkigute gure botoa erosteko asmoz.

Giza sarea lehen komunitatearen ardura zena orain estatuaren ardura bilakatu da. Kapital sozial komunitarioa murriztu da eta aldi berean erakundeak noraezean aurkitzen dira.



Gizakiak bere interakzioan sortzen dituen ereduak instituzionalizatzen doaz arauetan kristalizatuz baina hain azkar ematen dira aldaketak, balore bihurtzera ez direla iristen. Balore krisi etengabean gaude.


2014(e)ko azaroaren 14(a), ostirala

Gure bailara beherako norabidetik gorako norabidean jarri behar dugu.

Aste honetako berrien artean  Fagor berriz martxan hasi dela eta Candyren itxiera ditugu. Ez dira garai onak gure bailarako industriarentzat. Lanpostu asko galtzen ari gara eta irabazi oso gutxi.

Industriaren garairik onenak pasatu ziren eta beste garai batzuk datoz, eta badirudi beste garai hauek gurean izoztuta gelditzeko moduak direla. Gure erreakzionatzeko gaitasuna oso motela izan da. Lozorroan gelditu ginen 90. hamarkadan eta momentu honetan horren ondorioak pairatzen ari gara.

Etorkizun iluna lanik gabe gelditu direnentzat eta langabezian jarraitzen dutenentzat. Panorama beltz honen aurrean non jarri ditzakegu gure esperantzak.

Pertsonak dira gure esperantza, pertsona antolatuak eta helburu konkretuekin: gure bailara lozorrotik atera eta proiektu eta ideia berriak aurrera eramateko prest daudenak.



2014(e)ko irailaren 8(a), astelehena

KURTSO BERRIA HASI DA

Irailarekin batera hasi dugu kurtso berria eta gehienentzat  eguneroko errutina hasi da. Umeak eskolan hasi dira, aiton amonek beraien dinamika areagotzen dute seme-alabei laguntzeko eta azken hauek beraien lanetara itzultzen  dira. Guztia zegoen tokian dago eta klabeak eta ordenagailua piztuta lanean hasi gara.

Mundua berriz ziklo eroan sartu da eta biraka hasi da noria. Hala ere badira zurrunbilo kaotikotik kanpo geratu direnak. 

Oporrak geldiune bat izan dira bai martxa eroan sartuta zeudenentzat eta beste guztientzat. Orain berriz pilak kargaturik itzultzen gara, animoak goian eta aurrera begira.

Nire aldetik beste urtaro bat hasten dut, unibertsitatean berrikuntza sozialean masterra hasten dut. Badira 20 urte baino gehiago azkenengoz  unibertsitatea zapaldu nuela ikasle gisa. Nola pasa den denbora. Jende gaztea izango dut ikaskide. Ilusioz ekiten diot fase berri honi.

Lana eta ikasle bizitza biak batera uztartzea ez da batere erraza baina aurten horrela izan beharko du. Arrasatetik Bilbora eta buelta horrela egin beharko ditut hainbat kilometro kotxean aurten. Beraz aurten gurpil eroa azkarrago joango da nire kasuan.

Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...