2014(e)ko irailaren 8(a), astelehena

KURTSO BERRIA HASI DA

Irailarekin batera hasi dugu kurtso berria eta gehienentzat  eguneroko errutina hasi da. Umeak eskolan hasi dira, aiton amonek beraien dinamika areagotzen dute seme-alabei laguntzeko eta azken hauek beraien lanetara itzultzen  dira. Guztia zegoen tokian dago eta klabeak eta ordenagailua piztuta lanean hasi gara.

Mundua berriz ziklo eroan sartu da eta biraka hasi da noria. Hala ere badira zurrunbilo kaotikotik kanpo geratu direnak. 

Oporrak geldiune bat izan dira bai martxa eroan sartuta zeudenentzat eta beste guztientzat. Orain berriz pilak kargaturik itzultzen gara, animoak goian eta aurrera begira.

Nire aldetik beste urtaro bat hasten dut, unibertsitatean berrikuntza sozialean masterra hasten dut. Badira 20 urte baino gehiago azkenengoz  unibertsitatea zapaldu nuela ikasle gisa. Nola pasa den denbora. Jende gaztea izango dut ikaskide. Ilusioz ekiten diot fase berri honi.

Lana eta ikasle bizitza biak batera uztartzea ez da batere erraza baina aurten horrela izan beharko du. Arrasatetik Bilbora eta buelta horrela egin beharko ditut hainbat kilometro kotxean aurten. Beraz aurten gurpil eroa azkarrago joango da nire kasuan.

2014(e)ko apirilaren 15(a), asteartea

Lanak sozializazio gune zentraletako bat izateari utzi al dio?


Ez dira  lan bilaketan aritzeko garairik onenak . Sare sozialak, interneteko webak, lan bilatzaileak eta abar luze bat dago askotan nazkatzen gaituztenak. Etsipena ere gailentzen zaigu inolako erantzunik jasotzen ez dugunean horrelako medioetatik. Lan bilaketan aritzeko aldarte ona eta konstantzia behar ditugu. Jarrera positiboa beharrezkoa dugu, ezezkoaren aurrean burua goian mantentzeko.

Lana dirua irabaztekoa baliabidea izateaz gain sozializatzeko erreminta oinarrizkoa da, hau da lanak gizartean kokatzeko aukera ematen digu, nor garen identifikatzeko. Gaur egun lan faltak gizartean kokatzeko aukerarik ere ez digu eskaintzen. Ni zein klase sozialetan kokatzen naiz lanik ez badut? Lumpemproletariado klasean? 

Pertsonak gizaki sozial gisa, erlazioak eta hartu emanak behar ditu beste pertsonen aurrean kokatzeko. Lanak erlazio horiek gauzatzeko aukera ematen digu. Langabe bazaude sozializazioa murriztu egiten da.
 
Gure gurasoen garaian lanetik irten da gero txikiteoan jarraitzen zuten lanean izandako pertsonekin edo koadrilakoekin, sozializazio eremua bat gehiago zen. Aisialdia eta lana elkarrekin lotzen ziren. Gaur hori alde batera utzita dago gehienetan.
 
 
 
 
Hala ere gaur egun lanpostu askotan bakar bakarrik lan egitea tokatzen zaigu, batzuetan gure etxean egiten dugulako edota beste lankide batzuekin gaude baina bakoitza bere lanpostuan eta  zuzeneko harremanik izan gabe. Internetekin lan asko sarean burutzen dira, hau da fisikoki aurrez aurre egon ez arren beste lankide batzurekin kontaktuan gaude. Harremanak sarean egiten ditugu eta birtualki sozializatzen gara.
 
Beraz lanean ere sozializazio erak aldatu egin dira, aukerak ireki eta berritu egin dira. Orain pertsona askokin pantaila aurrean daukagun argazkiak islatzen duen imajinarekin eta haiek bidalitako mezuekin erlazionatzen gara. Fisikoko inoiz ezagutu ez dugun pertsonarekin egunero agurtu eta komunikatzeko gai gara. Badira avatarak, gure lankide eta lagunen mezuak erantzuteko kapazitatea dutenak eta mundu birtualean funtzionatzeko balio digutenak.

Guzti honek lan eremua sozializazio gune gisa alde batera utzi du, sare sozialek edozein lekutatik erlazioak egiteko aukera ematen digute. Ez ditugu gure lankideekin espazio fisiko amankomunak konpartitzen. Espazio birtualetan partekatzen ditugu gure lanak proiektuak eta komentarioak. Lan eremutik irteten dugunean espazio pribatuak okupatzen ditugu, kirol-guneak, eskolako patioak, bidegorriak baina beti era pribatuan. Aisialdiak ere sozializazio-gune izateari utzi ote dio neurri haundi baten?
 
 
 
 
 
 
 
 

2014(e)ko martxoaren 19(a), asteazkena

Aldi baterako langileak Fagor taldean eta NER taldeko gestio estilo berria



Fagor taldean 90. hamarkadaren hasieratik aldi baterako langileak edo ebentualak taldearen organigramako postu ezberdinetan egon izan dira, batez ere kualifikazio baxueneko lanpostuetan. Langile mota honek taldeko enpresen malgutasuna erraztu du.

Lan karga handiak zeudenean langileak kontratatzen ziren eta lan karga bukatuta kaleratuak izaten ziren. Langile askok urteak ematen zituzten alde batetik bestera, orain sei hilabete kooperatiba honetan, hurrengo beste urte bete beste kooperatiba baten eta horrela urteak. Beraien esperantza noizbait bazkide izatearena.

Orain une berri baten gaude, Fagor Etxetresnatako kooperatibako bazkideak dira aldi baterako kooperatiba ezberdinetan daudenak, inolako ziurtasunik gabe, etorkizunean non izango diren ez dakitelarik. Hala ere badira beste kooperatiba batzuk eta zehazki ner groupekoak beste erlazio mota bat planteatzen digutenak. Bai pertsonekiko eta taldeko beste enpresenganako beste erlazio mota berri bat. Ampo izan daiteke horren adibidea. Pertsonen eta negozioaren gestio estilo berria. Pertsona oinarri hartuta lanik ez baldin badago soldatak jaitsi eta guztiontzat lana mantendu, pertsonen artean bereizketarik egin gabe.

Filosofia berri gisa planteatzen da, hala ere Arrasateko kooperatibigintzako sustarretara joango bagina pertsonaren zentralitatea proiektuan eta atea zabalik guztiontzat hori hasieran ere bazegoen Fagor taldean. Beraz zer gertatu da azkenengo 25 urte hauetan guzti hori guztiz aldatu eta gauden egoerara iristeko?
 


 

2014(e)ko martxoaren 4(a), asteartea

Fagor ondoratuta zein da Arrasaten gogo aldartea.

Badira bost hilabete Fagor Etxetresnak ateak itxi zituela eta kalean hamaika protesta izan da. Hasierako golpea pasatu ondoren irtenbide indibidualak izan dira orain arteko korapiloa askatzeko ateratako hari mutur bakarra. Batzuk oso pozik  beraien aurreko egoera hobetu delako eta beste batzuk haserre txarrera egin dutelako. Bitartean aportazio boluntarioak zituzten pertsonak  aurrezkiak galdu dituzte, asko aurrejubilatuak eta jubilatuak.

Arrasaten bitartean tristura da nagusi, etorkizun iluna irudikatzen da pertsona askoren aurpegietan. Herrian, kalean gaiari buruz hitz egiteari utzi zaio. Koadrilako bazkarietan ere gaia alde batera utzi da. Badira herrian eta herritik kanpo hainbat elkarte sortuak, Ordaindu plataforma, Grumal edota Edesako langileak osaturikoak, bazkide sartzeko itxaron zerrendan zeudenak, guztiak langilegoaren zati bat ordezkatuaz.

Oraindik ondorio latzenak ez gara sentitzen hasi. Langabeziak gora egin du, behin behineko langile asko kaleratuak izan dira, taldeko kooperatibatan lanean zebiltzanak. Azken hauek oraindik langabeziako diru laguntza badute, beste batzuk hori ere ez. Familia askotan ordaindu beharreko gastuak sarreren parera iritsi dira edo gainditu dituzte.

Asuntoa zera da, gure industriaren alternatiba zein da? Oraindik ez dut erantzun garbirik eta behar bada inork ez du. Galdu den lanpostu kopurua ezin da errekuperatu eta alternatiba berririk ez da ikusten epe motzera.


2014(e)ko otsailaren 10(a), astelehena

Zure esku zer dago lan bilaketan

 Iturria:https://twitter.com/Patri_Psicologa



Dekalogo hori kontutan hartuta nondik hasi naiteke.

Kreatibitatea, beti beste batzuek egin izan dutena egin dut, beraz nire kreatibitatea nahiko mugatua izan da.

Prestakuntza, beti aritu naiz prestatzen, egia esan beti gustatu izan zait ikastea eta oso ondo joan zait, baina prestakuntza aplikatzeko aukera gutxi izan dut. Adibidez ingelesa bere garaian ikasi nuen baina ez didate inon aukerarik eman erabiltzeko.

Aktiboa ere beti izan naiz, parte hartzeko prest eta lankidetzarako prestutasuna izan dut.

Antolatua banaiz baina azken aldi honetan alde batera utzita nago, beti dena antolatua edukitzea ez zait batere kreatiboa iruditzen.

Kontaktuak, asko eta inor ez. Lan bilaketarako kontaktu gutxi ditut, benetan zerbaitetan lagundu nazaketenak. Denak edo gehienak funtzionarioak dira beraz alde horretatik ordezkapenen bat nonbaiten egiteko.

Lotsarik ez, eskatzea libre eta ez ematea ere bai.

Inteligentzia emozionala eta enpatia nireak ditut, horrela doakit bizitza, beti psikologo lana burutzen.

Aukera sortzailea, zenbat pertsonari aukera berriak ikusi arazi diet, non egongo ote da nirea?

Imagina zaintzea ere nere ezaugarrietako bat izanda, baina behar bada larregi zaintzen duzunean ez duzu ezer trasmititzen.

Ausarta izan, saiatu saiatu eta saiatu, hori izan da beti nere lana.

Ezaugarri horiek batzutan lana lortzeko balio izan didate, baina beste batzutan ez. Lan merkatua dagoen bezala egonda errezeta mota hauek neumonia bat osatzeko eztia erabiltzea bezain efektiboak izan daitezke.

Beti gure estrategiak eta gure bertuteak ahal den eta hoberen esplotatzen jakiteaz gain, gure ingurukoen laguntza behar dugu. Gizartean aurkitzen ditugun egoera ezberdinak aztertu eta soluzio kolektiboak ere aztertu beharko ditugu.

Gure egoera antzerakoan daudenekin elkartu eta gure  kreatibitatea eta ausardia biderkatu daitezke. Soluzio kolektiboak beti biderkatzaile eta eraldatzaileak dira bai gure barnean eta inguruan.

Beraz hartu ditzagun dekalogo indibidualak eta bihurtu ditzagun dekalogo kolektibo.

Hau da nire aste honetako ariketa, animatzen al zara?
 

2013(e)ko abenduaren 20(a), ostirala

Lan bilaketan estrategiak nola aldatzen ari diren


Gaur egungo lan merkatuan guztiontzat lanik ez dago. Beraz lan eskatzaile gehiago dago lan eskaintza baino. Beraz horrek hautagaien arteko lehiakortasuna handitu egiten du eta jokatzeko erak ere aldatu egiten ditu.

Lan bat aurkitzea ez da erraza, eta askotan lan eskaintzatan izena ematera mugatzen bagara edota kasurik onenean, lan eskaintzaileekin hartu eman zuzen bat izatea lortzen badugu gure profila ikusi dezaten, gauzak zaildu egiten zaizkigu.

Lan bilaketan erabili ditugun mekanismo tradizionalak (lan eskaintzetan izena eman, interneteko enplegu weben bitartez edota zuzenenean enpresatara zuzenduz) eragin gutxikoak bihurtu dira. Ondorioz zure erreferentziako eremuan kokatu beharra daukazu lan eskaintza existitu aurretik.

Guzti honek CV bidalketari balioa kentzen dio, hau da lan eskaintzaileak ez dio balio erantsirik ikusten ekintza horri. Gogorra da baina zenbat aldiz deitu dizute CV bat espontaneoki bidali ondoren?

Gure estrategia aldatu behar dugu, erlazioak sortu behar ditugu aukerak sortu ahal izateko eta orduan bai izango da egokia gure kandidatura eskaintzea. Beraz denbora galtzea da adibidez LinkedInen bitartez lan eskaintzaileekin kontaktuan jartzea inolako aurkezpen zehatzik egin gabe eta erantzunaren zain gelditzea. Motibatu ditzagun gure kontaktuetarako gerturatzea. Zergatik hurbildu? Zer bilatzen dugu erlazio horrekin?
 
 

Erlazioak gure eremu profesionalarekin loturiko ekintzetan oinarrituta burutu ditzakegu edota zeharkako beste eremu batzuetan. 
Gure buruari galdetu beharko diogu zein beste eremu berri sortzen ari diren eta zein pertsona ari diren eremu horretan proiektu ezberdinak lantzen. Erlazio berriak ireki ditzakegu behar bada arlo horretan.

 

2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

Arrasatetik etorkizunari begira, zeintzuk dira aukerak?

Hiru hilabete pasatu dira  Fagorren itxieratik eta oraindik gaia mahai askoren bueltan dabil. Familia askotan lanaz gain aurrezkiak ere bertan gelditu dira ondoraturik. Etorkizuneko lan aukerak ere airean daude. Guzti horrek zein ondorio izango dituen ikusteko dago.


 
Gure inguruan horrelako kasuak ikusten ari gara, Azpeitian hainbat enpresa garrantzitsu itxi egin dira eta familia askoren egoera asko gaiztotu da. Etorkizun argirik gabe geratu dira herritar asko eta guzti hori herriko kale giroan islatzen da.
 
Panorama honen  aurrean guztiok jarri behar dugu martxan. Zeintzuk dira gure aukerak? Industria izan da beti gure artean erroturiko aktibitatea eta horra bideratu beharko ditugu gure indarrak. Aktibitate eta zerbitzu berriak asmatu eta eraiki beharko ditugu. Seguru nago lortuko dugula, arazoa behar bada denbora da. Batzuentzat aukera berri horiek gauzatu orduko lan merkatutik kanpo izango dira.
 
Bitartean solidaritatea eta elkarlana oinarri hartuta dagoen lana banatu beharko dugu. Benetan behar dugun hori banatzetik etorriko da iraultza. Lana eta pertsona kapitalaren gainetik jartzeko momentua iritsi da. Laino artean bizi izan gara gure diruen zaintzan, lana eta honen balioa albo batera utzita izan ditugu, lanera dirua irabaztera goaz esaldia oso barneratua izan dugu. Lana ondo egitea eta horrek duen garrantzia alboratuz.
 
Betiko baloreak berreskuratzeko momentua iritsi da, euskaldunok  munduan zehar ezagutzera eman gaituztenak. Erronka ez da batere erraza baina egoera zailagoetatik irteteko kapaz izan gara.
 
Animo momentu txarrak pasatzen ari zareten guztioi!


Proiektu berri baten murgildurik

 Aurreko sarreran nire lan bilaketa prozesua proiektu sozialago batetara bideratu nahi nuela komentatu ondoren, hemen natorkizue zertan nabi...